Ez dakit mundu guztiari gertatzen zaion, baina gehien behar ditudanean huts egiten didate gauzek. Halako telefonoa erosteko esaten dizute beti erantzuten duelako, baina zuri huts egiten dizu behar duzunean. Ordenagailua erostera joaten zarenean azalpen mordoa ematen dizute, baina azaldu dizutena ahaztu zaizun momentu horretan, sekula ere ez lehenago, sistema eragileak huts egingo du. Kable bidezko seinalea eskaintzeko deitzen dizutenean, sekula huts egingo ez dizun formula ematen dizute, baina deitu dizunak ez daki zu non bizi zaren, eta konexiorik onena behar duzunean ez duzu beste aldekoekin hitz egiterik lortzen.
Gogoratzen naiz behin kargu hartu zidatela etxean kotxea ez nuelako zaintzen. Errepuestorako gurpilarekin ibili nintzen egun batzuetan eta hura zulatuz gero zer gertatuko litzatekeen galdetzen zidaten etengabe. Orduan gurasoen kotxean joan nintzen bertso saio batera, eta gurpila izorratu zitzaidan. Aseguru etxera deitu nuen eta mekanikoa etorri zenean errepuestoko gurpila ere zulatuta zegoela esan zidan. Beraz, beti dena prest eramaten zutenen kotxean ere beti ez da dena ondo egoten. Ezerk ez du beti funtzionatzen: bizitza errealean ere huts egin behar ez luketen gauzek huts egiten dute.

BIRA
Beti ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu