Onintza Enbeita.
BIRA

Galduta

2022ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Gure hiriburuetako tabernetan (ez guztietan, baina bai askotan) saltzen diren pintxoak obradore erraldoietan egiten dituztela kontatu didate. Hiriaren kanpoaldeko industriaguneetan muntatutako sukaldeetan prestatzen dituzte jatorduak, eta tabernaz taberna banatzen dituzte ondoren. Euskal gastronomiarentzako laudorioak goragalea emateraino zabaldu direnean, klonatu, erabili eta botatzearen kultura nagusitu zaigu. Gure agintariek bultzatu duten eredu turistikoak negargura ematen du. Ez gara bereziak. Gure hiriburuetako alde zaharretan dena da frankizia, betiko dendak itxi egiten dira, garai bateko taskek ez daukate baliorik...

Gogoratzen naiz nola heldu ginen 2015eko abendu hartan Bilboko Zazpikaleetan zegoen Txakurto tabernara. Iluntzea zen eta oraindik bermuta edaten ari ginen. Erronda eskatu genuenean, Pilik pikatzeko kazola pare batera gonbidatu gintuen. Sukaldetik zetorrela, barreka esan zuen: «Piper hauek zuetako norbaiten baratzekoak dira!». Bai, aurreko astelehenean Gernikako azokan erosi zizkidan piperrak ziren. Goxotasuna, sarea, zaintza, ekonomia zirkularra, geurearen balioa... zegoen xehetasun txiki horretan. Udazkenean itxi dute Txakurto. Ez dakit galtzen ari garen, edo galduta gauden, baina gauzak ez doaz joan behar luketen moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.