Onintza Enbeita
BIRA

Karga

2023ko uztailaren 26a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Iazko udan ito ginenok pozik behar genuen aurten, baina ez gaude. Momentuz bero nabarmenik ez du egin: egun urdinik ere ez. Euria fundamenturik gabe mugitzen du, eta gorrin denbora daukagu egun batean bai eta hurrengoan ere bai. Zahartu ahala, gero eta gehiago gogoratzen naiz gure aitaren ipuinaz: baserritar bat eraman omen zuten portu batera eta galdetu omen zioten ea bazekien zenbat balio zuen itsasontzi handi haietako batek. Baserritarrak, urari begira, itsasontzirik ez balego bezala galdetu zien: «Eta zuek ba al dakizue zenbat balio duen santiagotako euriak?». Uda ondo doanean, beroa eta euria uztartu egiten dira, eta udaren erdian gaude. Pentsatzen, pentsatzen, pentsatu dut jaiak luzatzen diren lekuetan ere ederra dela erdi inguruan euria egitea usainak kentzeko.

Aurtengo uda triste doa edozelan ere; baina nahiago dut hau iazkoa baino. Mapan atzamarra mugituz gero, dena dago gorri eta gori, eta, horrek beldurtu behar gintuzkeen arren, klima aldaketa zalantzan jartzen dugu. Nik ez dut esaten gezurra denik euria manipulatu nahi digutela, baina lehen baino euri gutxiago egiten du oro har, eta behar dugu euria. Egun argiak behar ditugun bezala karga emozionala kentzeko. Atmosfera bezain kargatuta ibiltzen gara neguan. Deskargatu dadila eta deskargatu gaitzala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA