Pujoli buruzko ikerketa batzordea, aurrera

Xabin Makazaga.
2014ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Kataluniako Parlamentuan aurrera aterako da Jordi Pujol presidente ohiaren ezkutuko ondareari buruzko ikerketa batzordea eratzeko proposamena. Herenegun bi eskaera erregistratu zituzten: ERC, ICV-EUiA eta CUP alderdiena bata, eta PP eta C's alderdiena bestea. Baina Alicia Sanchez Camachok atzo argitu zuen PPk babestu egingo duela ezkerreko indarren eskaera. Eta, herenegun bertan PSCk ere aldeko botoa iragarri zuenez, Kataluniako Parlamentuan ikerketa batzordea eratzeko nahikoa boto segurtatu dituzte.

Jordi Pujolek aitortu zuelarik 30 urtean deklaratu gabeko diruak izan dituela atzerrian, talde politiko guztiek Kataluniako Parlamentuan «berehala» azalpenak emateko eskatu zioten, asteartean. Pujol irailaren 22tik aurrera agertzeko prest azaldu zen, Diadari eta irailaren 15ean Parlamentuan hasiko duten saioari ez eragiteko —galdeketa legea onartuko dute, azaroaren 9ko erreferendumari begira—, eta CiUz besteko talde guztiek ikerketa batzordea eratzeko eskaerarekin erantzun zioten presidente ohiaren atzerapen horri.

CiUren itxaropena gainerako alderdiak ados jartzeko gaitasunik ez izatea zen. Francesc Homs Generalitateko Presidentetza kontseilariak halaxe adierazi zuen herenegun: ez zuela uste oposizioak ikerketa batzorde bat osatzeko akordiorik lortuko zuenik. Baina Kataluniako PPko presidenteak zapuztu du haren esperantza: «Ikerketa batzordea egin egingo da, alderdi guztiak ados gaudelako iruzur fiskala, legez kanpoko aberastea eta komisioen ustezko kobratzea aztertzeko premiari buruz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.