Onintza Enbeita.
BIRA

Serena

2018ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Kirolari aparta da. Tenisean jokatzen diren lehiaketa printzipalak hainbat aldiz irabazi ditu: Australiako irekia zazpi aldiz, Roland Garros hirutan, Wimbledon zazpi bider eta AEBtako irekia seitan. 2012an Londonen jokatutako Olinpiar jokoetan urrezko medaila irabazi zuen. Eta horri binaka irabazi dituen sariak gehitu behar zaizkio. Ikustera ohituta gauden baino zaharxeagoa dalehiaketetan aritzeko, baina puntan jarraitzen du.

Kontua da, baina, Frantziako tenis federazioko handi-mandiren bati ez zitzaiola gustatu aurtengo Roland Garros jokatzeko jantzi zuen arropa. Ez omen da egokia teniseko lehiaketa batera goitik beherako mono harekin joatea. Azalpen logikoa bazuen berez: odolbilduak saihesteko trajea zen. Erditu ondoren kirola egin nahi duten emakumeek erabiltzeko apropos diseinatua ei da. Egunotan, AEBetako Irekian, kritikei erantzun egin diela dirudi. Betiko tenisean ohikoa den moduan, gona laburra jantzi du, baina ez edozelako gona: tutua. Horrek ere lotsatzeko moduko titularrak sortu ditu.

Serena Williams gizona balitz, ez litzateke hainbeste arazo egongo haren janzkerarekin: nahikoa litzateke curriculuma ikustea haren kirolerako gaitasuna miresteko. Baina nola emakumea den, sareetan, bilaketarako luparen ondoan haren izena jarriz gero, lehenengo aukera senarra da, eta gero dator beste guztia. Eta horrela dabil mundua...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.