Onintza Enbeita.
BIRA

Greba

2019ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Martxoaren zortzian greba orokorra egingo dugu. Grebara goaz neskak eta emakumeak. Grebara emazteak, maitaleak, hiru edo lau bikote aldi berean dituztenak eta bikote finkorik jasaten ez dutenak. Grebara homosexualak, heterosexualak eta definitu gabeak. Grebara amak, amonak, oraindik ama ez direnak eta ama izan nahi ez dutenak. Grebara hilekoa jaitsi berri zaienak eta menopausiaren beroak harrapatu dituenak. Grebara ahizpak, arrebak eta lehengusinak. Grebara izebak eta koinatak ere. Grebara txiste guztietan gaiztoaren rola jokatzen duten amaginarrebak. Grebara mojak eta grebara ateoak direnak. Grebara goaz ordaindutako lana egiten dugun emakumeak eta umeak zaintzeko lan baimenarekin daudenak. Grebara gurasoak zaintzera kondenatutako alabak eta grebara amona erresidentzira eraman zuen iloba. Grebara irakasleak, medikuak, erizainak, ile apaintzaileak, suhiltzaileak eta alkateak. Grebara talde feministako kideak eta inoiz ezer konkretutan militatu gabeak.

Gu gelditzen bagara, mundua gelditu egingo dela argi dago, baina ez dugu mundua gelditu nahi. Munduak aurrera egitea nahi dugu, baina sistema ororen erdian dirua egon ordez bizitza egon dadila. Gurea, aluarekin jaio ginenona, eta zuena, zakilarekin jaio zinetenona. Erdian. Bizitza. Zapalkuntzarik gabe bizitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.