Onintza Enbeita
BIRA

Abuztua

2019ko uztailaren 31
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ate ostean dago abuztua: opor ofizialak heldu dira. Pentsatzen dut zelako egitekoen zerrenda izango duen jendeak: etxea garbitu, kanpora joan, liburuak irakurri, musika entzun, lagunekin gelditu, familiarekin kunplitu… Batzuetan, poza ematen dit denak oporretan daudenean agenda beteta edukitzeak. Azken batean, deskantsua neguan hartzen dugunok abantailak ere baditugu: ez dugu irailean irribarretsu eta espektatibak beteta inon agertu behar. Herri guztia sumatzen dut elkarri ea nora doan galdetuz. Batzuen mutur okerrak erakusten du aurten ez dutela inora joaterik izango. Besteen pozak erakusten du baietz. Begiradak gurutzatzen dira terrazan eserita daudenen eta pasatzen den jendearen artean: hori Kubara doa, ha Tenerifetik dator, gu beti Asturiasera joaten gara, guretzat Nafarroa nahikoa da.

Eta antsietatea: Bilboko Aste Nagusia etorriko da abuztua joan dela esatera, eta gu oraindik lehen liburuarekin. Eta gure lagunek Instagram liburuen azalez bete dute. Lasai. Litekeena da espektatibak ez betetzea, litekeena da pentsatu dugun ia ezer ez egitea, litekeena da ez izatea gure bizitzako abuzturik onena, baina gure abuztua da. Eta gauzak gertatu egingo zaizkigu. Ez dira, agian, aurreikusi genituenak izango, baina gertatzea nahiko genituzkeen gauzek adina beteko digute motxila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.