Onintza Enbeita.
BIRA

Arrakala

2019ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak osatzen omen dugun erkidegoko etxerik garestiena Donostian dago. Ez dakit barruan zer izango duen, baina, kanpoan ikusita, etxea baino ez da. Bere teilatu eta bere leiho, bere horma eta bere ate: etxe bat. Lau milioi eta ez dakit zenbat euro balio ei ditu etxeak eurotan. Ez dakit pikua zenbatekoa daukan, lehen zifra entzunda izoztuta geratu naiz. Izugarria iruditzen zait, lotsagarria eta etsigarria. Triziklo baten gainean munduari bira emateko moduko abiadura hartu dit barruak: ze gogo sortu zaidan etxe horri su emateko!

Gugandik ez oso urrun, bada kalean lo egiten duen jendea. Aspaldi ez dira telebistan asko agertzen, baina jakin badakigu oraindik ere kaleratzen dutela jendea etxeetatik. Alokairu sozialak ordaintzeko ere larri dabilen jendeak gure okindegi berean erosten du ogia, ahal duenean. Eta hara non, gugandik distantzia berdinera, lau milioi balio dituen etxe bat dagoen.

Ez dago euskal oasirik. Hemen ere arrakala ederra dago egunero lanera joaten garen jendearen eta lau milioiko etxea dutenen artean. Gero esango digute gaztetan antolatu behar dela zahartzaroa eta dirua aurreztea dela kontua. Hemen kapitalismorik ez balego bezala, hemen guztiok aukera berdinak izango bagenitu bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.