Onintza Enbeita.
BIRA

Paralisia

2019ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Nik ere nahiko nuke horrelako gauzak idatziko dizkidan lagun bat. Poza eman zidan alde batetik. Izan ere, ulertu zuen nik lagun bati eskainitako zutabeak zer esan nahi izan zuen. Oso ondo ikusi zuen laguntasunetik harago egindako onarpena zela. Beste aldetik ostera, harritu egin ninduen. Animalia sozialak gara, kuadrilletan mugitzen gara, lagunak munduko gauzarik garrantzitsuenak direla esaten dugu behin eta berriz, eta gero, beste batek beste lagun bati esandako gauzek liluratzen gaituzte. Hori bada zerbaiten sintoma: edo ez dugu sekula besteek sentitu duten maitasun hori guztia sentitu edo ez gara gai gure lagunei haiei buruz pentsatzen duguna esateko.

Inoiz gertatu zait, bertsotan ari garela, ondokoari gauza politak esan behar eta ezina. Jakin zenbat maite dudan kantu laguna, zenbat miresten dudan, zein ederra iruditzen zaidan eta ezin esan. Orain, neuk erdi gaindituta daukadanean ezin hori, iruditzen zait gaitz orokorra dela. Kosta egiten zaigu ingurukoei gauza onak esatea, baloratzea, gugandik sentitzen duena hitzetan jartzea, detaile txiki bat izatea.

Paralisi emozionalak jota gaude. Gaizki esateko ez dugu ez lotsarik ez beldurrik. Ondo esatea kosta egiten zaigu, ordea. Maitasuna erakusteak ahuldu egiten gaituela pentsatzen dugu, eta erratuta gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.