Onintza Enbeita.
BIRA

Duintasuna

2019ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
«Gaixorik nago», esan dit. Banekien; baina saiatzen naiz naturaltasunez hitz egiten. Ez da beti erraza: hitzak falta zaizkio. Gaitzaren prozesu naturala omen da. Orain ezin dio berak nahi duenari izenetik deitu, laster ez du jakingo zeri deitu nahi dion. Eta berak badaki. Negarra atera zaio azalpenak ematerakoan. Lerro artean ulertu diot badakiela laster ezingo didala esan nahi didan hori esan, ez dela gogoratuko. Neuk ere negar egingo nuke! «Ez daukat inongo minik, baina hau gaixo hau», esan dit.

Akordatzen naiz nola esaten zuen amama Klarak «hau ez inori kontatu» treneko makinistaren bagoian sartu zenean, edo Ostia Santua hartu ondoren aldarera igo zenean, edo etxeko sukaldean geundela etxera joan nahi duela esaten zuenean. Ez kontatu inori.

Eta pentsatzen dut bizitza Jainkoaren esku bakarrik dagoela esaten dutenek ez dutela ezagutzen zuen guztia ezezaguna egiten hasi zaionaren beldurra usaindu. Bestela ulertu egingo lukete pertsonak hori sentitzeari utzi nahi izatea. Hala nahi duenak haren bizitzaz eta heriotzaz erabakitzeko aukera izan behar luke: nahi duenak. Gaur, asko maite dudan edonork laguntzeko eskatuko balit, lagundu egingo nioke hiltzen. Nik amama Klara entzun egiten nuen gauez negarrez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.