Hogeita bi urteko preso bat hil zen herenegun Zaballan. Berrogeita hamazazpi urteko beste bat atzo, Martutenen. Segundo batez pentsa dezagun. Pentsa dezagun nortzuk eta zergatik egoten diren kartzelan. Galdetu diezaiogun geure buruari ea zenbat aberats ikusi ditugun Espainiar eta Frantziar estatuetako espetxeetako aparkalekuetan edo itxarongeletan. Ez dakit inoiz pentsatzen jarri garen prostituzioak edo drogak kartzelara eraman dituen horien azalaren koloreaz, jatorriaz, hizkuntzaz, ohiturez... eta horrek guztiak ezarri zaien kondenan izan duen eraginaz. Gureak eramaten zituztenean zerbait apurtzen zitzaigun barruan: gureak, preso politikoak. Beste batzuen arrazoiek ere badute politikatik agian. Agian. Izan ere, kapitalismoak miseriara kondenatu duenak legea hautsi badu miseriatik ateratzeko, ez dakit zein puntutaraino ez den bere eskubideak defendatzen ari.
Kartzelak, hemen eta orain, ez du ezer konpontzeko balio, jendea suntsitzeko ez bada. Ez naiz bortxatzaileak edo droga-trafikatzaile handiak edo proxenetak zuritzen ari, norbaitek hori pentsatu badu. Ez ahaztu horietatik oso gutxik amaitzen dutela kartzelan. Han barruan gehiago daude bizimodu duina izateko aukera ukatu zaienak, bazterrean utzi ditugunak. Orain ere han, alfonbra azpian hautsa bezala, pilatuta, ukatuta.

BIRA
Kartzela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu