Irakasle ikasketak egiten ari diren ikasleen artean ez omen da euskararik entzuten. Hori esan du periodikoan haien irakasle batek. Lagun irakasle batek kontatu zidan lehengoan, bere ikasleek ez dutela sinisten lagunekin euskaraz aritzen denik. Ulertzen dute eskolan hala egitea, baina hortik kanpo ez dute ezagutzen normalean euskaraz bizi den inor. Badakite, gainera, irakasle askoren errealitatea hori dela. Telefonoaren eta sarearen eragina izan daiteke, edo moda, edo batek daki zer, baina herrietakoplazetan gero eta ume gehiagok egiten ei dute erdaraz. Herri euskaldun bateko dantza emanaldia ikustera joan ginen duela gutxi, eta gorputzarena hizkuntza unibertsala dela jakinda, inork ez zigun azaldu zergatik egin zuten dena gaztelaniaz. Osakidetzak ematen ez dituen zerbitzuen bila dabilenean euskaldun gutxi aurkitzen dituelako kexatu zitzaidan lehengoan lagun bat: pribatuan ez dago hizkuntza eskakizunik.
Baina dena ondo doa. Badakizkigu esloganak eta gaztelaniaz egindako bideo inozoetan azaltzen digute euskarazko hitzen etimologia. Horrela mundu guztiak maitatuko ei du gure hizkuntza, baina gure hizkuntzak, hizkuntza izango bada, hiztunak behar ditu. Eta hiztunek konpromisorik ez badute, transmisioan huts egingo dugu, eta gero negar egiteak ez du balio.
BIRA
Konpromisoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu