Ane Labaka Mayoz.
AIRERATZEAK ETA LUR HARTZEAK

(H)egoak

2018ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Inoiz harea aleen gainean etzanda ikusi izan nauzuenok pentsatuko zenuten agian hondartzara bakarrik joatea gogoko duten rara avis horietako bat naizela. Niri ere inbidia puntua sorrarazten didate kontzertuetara bakarrik joateko ausardia dutenek, arrazoitzeko gai ez naizen erruki sentipena jatetxeren batean otordua bakarrik irensten ikusten ditudanek eta jakin-mina tren geltoki eta aireportuetan desorduetan bakarrik lo egiten dutenek.

Nire kasuan, hondartzara bakarrik joatea norekin joan hautatzeko modu bat ere izan daiteke, ordea. Virginie Despentes eta Silvia Federicci eraman izan ditut telazko poltsan, aldatzeko kulero garbiekin batera. Eider Rodriguezekin ere joan izan naiz itsas ertzera. Azkena, Oier Guillanekin.

Berari zor diot zutabe honen izenburua. Eguzkitako krema usaineko hatz marka eta arkatzez azpimarratu berri dut Zauri bolodia izeneko bere liburua, pasarte batean honakoa dioena: «Esateko duzuna norbaitentzat minimoki interesgarria izan daitekeela pentsatze hutsak badu egoaren presentzia bat».

Zitaturikoa ikatz kolorez zirriborratu ahala hasierara itzultzeko premia sortzen duen esaldi horietako bat izan da niretzat. Hain zuzen ere, zerbait sortzeko eskatu didaten aldiro egin izan baitit dar-dar nire egotxoak; esateko, kantatzeko edo idazteko neukana norbaitentzat minimoki interesgarria izan zitekeen zalantzan jartzeraino, etengabe. Ego hori zauritzeko beldurra gaindituta, hemen doa nire aitorpen publikoa: irakurtzen ari zareten hau da orain artean argitaratu baino lehen onarpen eske hurbileko norbaiti igorri ez diodan aurreneko iritzi zutabea.

Panikoa diegu kritikei, eraikitzaile ustekoei ere bai. Iparraldeko lagunek (h)egozentrikoegiak garela leporatuko digutelako agian eta ahizpatzat ditugunek europarregiak eta zuriegiak garela, arrazoi osoz. Eta horiekin batera gehiegitan egi izan ohi diren beste hamaika egi kontatzeko dugunari balioa ematea zailtzen digutenak.

Horrenbesteko arrazoirik gabe, esperientziak ilea urdindu dion adinekoren batek pentsa dezake ez zaiola gehiegi axola oraindik bizitza zer den ez dakien honen iritzia. Kazetari intelektualek egunkarietako zutabeak bertsolariz beteta daudela kritikatuko dute. Eta, oro har, gizonezkoek pentsatuko dute emakume gazteok aukera gehiago ditugula egun «emakume izate hutsagatik», zuzentasun politikoaren izenean euren konplizitate zirkulu itxienetatik kanpo esan gabe utziko badute ere. Jatorria norberaren frustrazioetan duten kritikak ez dira inoiz eraikitzaileak izaten.

Hala ere, alter egorik gabe izenpetzen ditugu gure hitzak, historian zehar gizonezko izen faltsuz sinatu behar izan duten itzalpeko emakumeak gogoan.

Nik ere gorroto ditut egolatria eta nartzisismoa, norbere buruarekiko gehiegizko adorazioa erakusten dutenak higuingarri suertatzen zaizkit. Baina, sorkuntzan bezainbat bizitzan, (h)egoak ebakitzean zaila da aireratzen asmatzea, eta bat-bateko lur-hartzeak traumatikoegiak izan ohi dira.

Altruismoa gainbaloratuta dago. Tarteka, egoista izaten saiatu nahiko nuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.