Nerea Ibarzabal Salegi.
AIRERATZEAK ETA LUR HARTZEAK

Letra txikia

2018ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Danimarkak onartu berri du kaletik aurpegia estalita eramatea debekatzen duen lege proposamena, tartean nikaba eta burka barnebiltzen dituena. Horrekin, era horretako lege bat onartu duten europar estatuen zerrenda gero eta luzeagoan sartu da; bertan daude jada Frantzia, Austria, Belgika, Herbehereak, Bulgaria eta Bavaria.

Abuztuaren 1etik aurrera, hortaz, poliziak eta auzitegiek erabakiko dute arropa batek legea hausten duen edo ez —jantzi debekatuen multzotik kanpo geratzen dira mozorroak eta neguko arropa luzea—. Legea errespetatzen ez dutenek 134 eta 1.343 euro bitarteko isunak ordaindu beharko dituzte, eta momentuan jantzi hori kendu dezaten eskatuko die poliziak, edo etxera joan daitezen bestela, arropaz aldatzera.

Albistegi tonuz idatzi dut sarrera, ez dudalako nahi zure iritzia baldintzatu hasieratik, eta beharbada zuri ere kontraesanak bistaratzen dizkizulako gai honek, niri bezala. Horrelako une deserosoetarako metodo bat dago norbere iritzia definitzen laguntzen duena: ekintza jakin baten inguruan zer pentsatu ez baldin badakizu, aztertu ekintza hori justifikatzeko erabili diren argudioen letra txikia.

Lehenengoa: «Jantzi hauek bereziki zapaltzaileak dira emakumearentzat», Marcus Knuth, agintean dagoen alderdi liberaleko politikaria—badakit hori irakurrita agian aski dela—. Baliteke jantzi bat zapaltzaile izatea, batez ere norbere borondatearen aurka jantzitakoa bada —gero norbere borondatea zerk zizelkatzen duen eztabaidatu beharko litzateke eta geure buruei begira jarri—. Baina «bereziki»? Iztarteak depilatzea baino gehiago? Takoi altuak baino gehiago? Makillajearekiko dependentzia baino gehiago? Gogoan dut behin emakume musulman bati elkarrizketa batean irakurritakoa, nikaba erabiltzeari utzi eta zelan harritu zen kaletik gizon guztiak begiratzen eta lizunkeriak esaten hasi zitzaizkionean. Hori oraindik ez dute debekatu, gure askatasunak prezio bat baitauka.

Danimarkan burka edo nikaba daramaten emakumeen kopurua hain omen da txikia populazio osoarekin alderatuta, legea komunitate baten aurkako keinu sinboliko bezala interpretatu daitekeela—bestela ere bai—. Ulertzen ez dugunari edo deserosotasuna eragiten digunari «arrazakeria» edo «bestearekiko gutxiespen intelektual» izena jartzea baino erosoagoa baita «emakumeak askatzeko gogo» deitzea, eta gainera oso ponpoxo geratzen zaigu, gero emakumea sistematikoki zapaltzen duten politikak onartzen jarraitu arren. Genero xenofobia deitzen zaio horri, purplewashing edo garbiketa morea.

Bigarrena, eta debekua onartu duten gainerako estatu guztien gustukoena ere bai, bide batez: «Gure baloreen eta bizikidetzaren izenean onartu dugu». Eta horrekin aurreko argudioa erortzen da, nolabait eztabaidagarria izan zitekeen bakarra. Bizikidetza ulertzeko modu horrek beldurtzen nau, negoziazio parekide bat izan ordez, batzuen ezaugarriak ezabatzean oinarritzen dena gehiengo zuria eroso senti dadin. Emakumeak eta Elkarrizketa izeneko elkarte bat osatu dute Danimarkako emakume musulmanek lege hau salatzeko, beraiez berba egiteari utzi eta beraiekin eztabaidatzera gonbidatuz.

Ez dut sinbolo erlijiosoen gorazarrerik egingo inoiz, baina Europak beti azal ilunenetan ikusten ditu gauzak argien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.