Nerea Ibarzabal
AIRERATZEAK ETA LUR HARTZEAK

Bihotzak

2018ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Nire barruko amona aterako dut une batez paseatzera, ados? Inoiz kuxkuxeatu al duzu zure inguruko gaztetxoren baten—mende berrikoa izan behar du— Instagram kontua? Amabirjinie Karmengue! Izugarria da. Erreparatu al diozu argazkietan jasotzen dituzten bihotz edo «atsegin dut» kopuruari? Eta zenbat iruzkin laudatzaile jartzen dizkieten? Holakoik horraitxio!

Saltseatzeko astirik izan ez baduzu, nik botako dizkizut estatistika batzuk, maitxie. Demagun, ispilu aurreko selfie bat: 790 bihotz eta 165 «guapoo». Oporretan hondartzan —gurasoek— ateratako kutsu kasualdun argazkia: 1.102 bihotz eta 101 «zelako inbidia!» edo «guapaaa»-ren deribatu. Ortzi mugan begirada galduta eta aurpegi transzendental batekin agertzen badira, kanturen baten letra are transzendentalago bat jarrita, akabo: 2.010 bihotz eta iruzkin zaparrada bat «edozertarako hemen nago» edo, besterik ezean, «guapa/o» diotenak berriro.

Tira, eta orain amona mozorroa erantzita. Ez da ezer berria, badakigu zer den nerabezaroa, zer behar daukagun sozialki onartuak izateko eta sare sozialek zein rol jokatzen duten horretan; inork baino hobeto dakigu guk, 90eko hamarkadakook, nolabaiteko laborategiko akuriak izan baikinen Fotolog, Messenger eta Tuentiren atzaparretan; gauza berberak igotzen genituen eta amonak berdintsu harritzen ziren.

Agian horregatik litzateke interesgarria gure belaunaldiaren momentuko egoera psikologikoa aztertzea, balizko albo-kalterik egon ote den ikusteko edo gainerako belaunaldien antzerako traumak ditugun, «natural-naturalak». Norbaitek tesia egin nahiko balu, nik detektatu ditut zenbait joera arraro azken urteotan.

1. Norbere irizpideenganako mesfidantza: gustuko duzun hori zalantzan jartzea besteek hain gustuko ez dutelako. Argazki honetan ondo nago, erreportaje hau oso ona da, begira ze bikaina Kau Kori Kuraren bideo hau. Eta bat-batean atsegin dut pare bat besterik ez eta zu hor, zalantzan ea Internet sarea erori den eta inork ezin izan duen ikusi, edo benetan kakatxo bat elkarbanatu duzun.

1.1. Besteen irizpideekiko mesfidantza: zure jarraitzaileen maila intelektuala zalantzan jartzea zuri hainbeste gustatu zaizun horri kasurik ez egitearren. Ez dituzu merezi horrelako ziberlagunak.

1.2. Bestea nor den: elkarbanatu duzun hori autoritate batek atsegin badu, ofizialki onartua eta defendagarria da edozeinen aurrean. Ordea, arrarotzat duzun jendeak atsegin badu... beno, zuk ere ezabatu izan dituzu igotakoak.

2. Kontrako iritziak kudeatzeko ezintasuna: iruzkin batean norbaitek zurekin desadostasuna agertzea eta ia bihotzekoak ematea. Guapa zaudela irakurri eta «zuuu» erantzuten pasatako urteen ordaina da; orain ez dakizu beste ezer erantzuten.

2.1 Kontrako iritzien pisua: 4.000 «atsegin dut» ditu nire bideoak, baina 56»ez dut atsegin». Nortzuk dira, zergatik. zer egin diet nik.

3. Gorrotoa eta dependentzia: gaur sare sozial guztiak ixtearekin amets egitea, diskretuki eskapatzea parrandetan sirokoak ematen dizunean bezala, abisatu gabe, eta bihar Instagrama deskargatu nahi izatea.

Oraindik ez da larria, baina guretzat 50 «atsegin dut» lortzea arrakasta zen. Garbitu gabeko ispiluetako selfie desenfokatuekin mila bihotz lortzera ohitu direnak nagusitzerakoan... jendarte interesgarria geratuko zaigu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.