Ehun egun, bakartzearen aurka borrokan

Leyla Guven diputatu kurduak 98 egun egin ditu gose greban Ocalanen alde, eta uko egin dio tratamendua hartzeari

Leyla Guvenen alde Istanbulen egindako manifestazio bat, joan den astelehenean. SEDAT SUNA / EFE.
2019ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Leyla Guven diputatu kurduaren osasun egoerak okerrera egin du azken egunotan: atzo, konortea galdu zuen une batez, eta ospitaleratu egin behar izan zuten. Handik gutxira, bere onera itzuli zenean, tratamendurik jaso nahi ez zuela adierazi zuen, eta etxera eraman zuten. Zainketa intentsiboetako unitatean egon zen HDP Herriaren Alderdi Demokratikoko diputatua, eta bihotzaren erritmoa monitorizatu egin zioten medikuek. Bihar ehun egun beteko dira gose greba mugagabea hasi zuenetik: Turkiak Abdullah Ocalan PKK Kurdistango Langileen Alderdiko buruzagiari ezarritako bakartze egoera amaitu dezala eskatzen du.

Iazko urtarrilean atxilotu zuten Guven, Turkiako armada Sirian egiten ari zen operazio militar baten aurkako adierazpenak egiteagatik eta PKK-ko kide izatea leporatuta. Azaroaren 8an ekin zion gose greba mugagabeari, Diyarbakirgo kartzelan, Ocalanen bakartzea amai dezatela eskatzeko. Diputatuaren osasun egoera okerra aintzat harturik, urtarrilaren 25ean baldintzapean aske uztea erabaki zuten, auzia erabakitzen den artean bederen. Fiskaltzak ehun urteko kartzela zigorra eskatzen du diputatu kurduarentzat.

Ocalan orain dela hogei urte atxilotu zuten, eta segurtasun handiko presondegi batean dago preso, Imrali uhartean. Bakartuta egin ditu urte horiek guztiak. 2011ko uztailetik ezin izan da bere abokatuekin elkartu, eta 2016ko irailetik ezin izan ditu bere senideak ikusi. Konfederalismo demokratikoaren aitzindari nagusia da kurduen artean, eta kurduen burujabetza lortzeko borrokatu izanagatik miresten dute askok. 2013ko Newroz egunean armak isilarazteko deia egin zuen, baina geroztik izandako elkarrizketa saioek ez dute arrakastarik izan, eta, gainera, Turkiako Gobernuak 2015ean negoziazioak eten ostean, areagotu egin da kurduek estatuaren aldetik pairatzen duten jazarpena.

Bakearen eta kurduen aldeko borrokez gain, emakumeen alde ere lan handia egin du PKK-ko buruzagiak, eta hala adierazi zuen Guvenek munduko emakumeei idatzitako gutun irekian: «Ocalan jaunak emakumeen askapenaren aldeko borrokari eman dion garrantziari esker, milioika emakumek borondate indartsua garatu dugu». Gutunean dio Ocalani esker garatu duela emakumeen aurkako injustiziari buruzko kontzientzia, eta hark irakatsi diola gizartea soilik libre izango dela emakumeak libre direnean. Nabarmendu du Ocalan Ekialde Hurbilean eta munduan bakea eraikitzeko ahaleginetan ari den pertsona garrantzitsua dela: «Milioika kurduk ikusten dugu gure borondate politikoak Ocalanek ordezkatzen dituela». Salatu zuen PKK-ko buruzagiari preso gisa bere askatasuna eta eskubideak ukatu dizkiotela, herrialdeko eta nazioarteko legedia hautsiz.

Elkartasunaren adierazgarri

Gero eta gehiago dira Ocalanen bakartzea amaitzeko asmoz eta Guveni babesa erakusteko helburuarekin gose grebari ekin dioten militanteak: 293 inguru. Militante horien artean daude Turkiako beste preso politiko batzuk, baina baita beste herrialde batzuetakoak ere. Besteak beste, aurten Ocalanen atxiloketaren hogeigarren urteurrena dela kontuan izanik eta Guvenen gose grebarekin bat eginez, Luxenburgon elkartu dira aste honetan Alemaniatik, Italiatik, Finlandiatik, Norvegiatik eta Europako beste hainbat herrialdetatik joandako ehun internazionalista baino gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.