
BIRA
Gorde didazue
Leku politak eta zatarrak daude munduan. Ez objektiboki, baina bai subjektiboki. Niretzat ederra dena harentzat ez da hala izango, eta beste batentzat polita dena zuretzat balekoa izango da. Bizi izandako emozioekin, gauzekin, egoerekin lotzen ditugu lekuak, eta horrek iritzi bat edo beste sortzen du. Kartzela turismoa adibide argia da. Neure kabuz etortzea bururatuko ez litzaidakeen lekuetan nabil azken urteetan, eta paraje ederrak dira. Gozatu egiten dut iparralde umel honetan pasieran. Hunkigarriak dira kostaldean dauden herri txikiak. Ederrak ditu erdi aroko gaztelu, herri zein harresiak. Euliak habiak egiten hasi arte egon izan naiz aho zabalik hemengo marea nola igotzen den begira. Hala ere, kartzela ikusten dut bazter guztietan; eta kalearekin ametsetan hasi garen honetan, neure buruari esaten diot gozatzeko orain, ze gero ez naizela etorriko. Zati batean behintzat, ez naizela iparralde haizetsu honetan ibiliko. Eta dena da kartzelak ekarri gaituelako hona, ze, berez, urtero etortzeko moduko lekuak daude hemen. Baina Almeriara ere ez naiz itzuli. Eta oraingoz, Parisera ere ez. Badirudi, nahi gabe bada ere, esan egiten diedala horma eta hondartza zahar hauei: ederrak zarete, baina lagun bat gorde didazue.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu