K Saioa Alkaiza(h)
EGUZKI EPELEAN

Debekatu gaitzazue

2019ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Eskuetatik ikurrinak ebatsi zizkieten udaltzainek herritarrei uztailaren 6ko txupinazoan, 150 bandera, eta, aldi berean, balkoietan jartzen zituen jendeak oihal zuri-gorri-berdeak, paretek This is not Spain zioten bitartean. Iruñea, 2019.

Eta, udaletxeko plazan, debekatuta, beste behin ere, ikurrak, sinbolismoaren guda zelaian hasia baitzen bataila. Errelatoaren beste norgehiagoka bat. Baina arrantzaleekin edo gabe, ikurrinak hartzen du plaza urtero, ikurrinak eta presoen etxeratzeen aldeko pankartak, autodefentsa feminista dioenak eta dena aldatzeko gaztetxeak behar ditugula aldarrikatzen duenak. Bitartean, «jaiak ez dira politizatu behar» diote politikari ez-nazionalistek, Espainiako banderaren arrimuan, gaztelania hutsez.

Neutro behar omen dute festek, plastikozko edalontziak bezain neutro, txosnagune eza bezain neutro, guirientzako argazkiak bezain dibertigarri eta aseptikoki neutro, neutro, sistemiko bezainbeste, neutro makrojaialdien antzutasunean, lan baldintzen prekarizazioaren neutrotasunean, neutro, eraso matxista eta guzti. Ez-politiko bezain neutro.

Azkena Gasteizen izan da: Zeledonen jaitsieran pankartak debekatu zituen Urtaran alkateak. Beste behin ere, bikain atera zaio: ikurrez bete dute jaien hasiera gasteiztarrek; aurreko urteetakoekin nahikoa ez, eta, aurten, pankarta gehiago izan dira. Zelarik nahi ez duenari, eman bekio arbalda dio esaera zaharrak. Horra, bada, egikaritze praktikoa. Aurrekoekin nahikoa ez, eta, orain, dosi bikoitza. Debekuaren bekatua da zerbait legez kanpokoa izanez gero desagertuko dela sinestea, eta hori, besterik gabe, absurdoa da.

Antzinako Grezian, Delos uhartean, agintariek jendea hil zedin debekatu zuten, toki sakratua izanagatik, garbi mantendu nahi zutelako; bertan, heriotzak ez zuen lekurik. Jaioak hiltzea zor, baina hor ez zegoen hiltzerik eta kitto. Andaluziako Lanjarón herrian ere hiltzea debekatuta egon da, arrazoi politiko-urbanistikoak zirela medio: gobernuak ez zion hilerri berria eraikitzeko baimenik eman udalari, eta, orduan, protesta gisa, hiltzea legez kanpokotzat jo zuten. 1999an izan zen hori; handik urte gutxitara, ideia gustatu, eta kilometro exkax batzuetara dagoen Darro herriak ere debeku berbera ezarri zuen. Gauzak nola diren, inork ezin izan zuen ekidin herritarrak hiltzerik. Debekuaren antzua azaleratzen dutelako gustatzen zaizkit adibide hauek.

Horrela, debekatuko dizkigute ikurrak, asanbladak, kantak, kontzertuak, bertso saioak, hizkuntzak, herriak, izatea, bizitzea eta hiltzea... baina guk politizatu gabeko gauzetan bezainbeste sinesten dugu debekuan: batere ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.