andoni egana
HITZ ETZANAK

Ataria

2021eko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Albo-hizkuntzetan ordaina nekeza duten hitzek badute zerbait. Gure etxe-atari-kale-k mundu bat osatzen dute oso geurea. Inoiz edo behin gertatu izan zait jendaurrean nire jatorriari buruzko azalpenak erdaraz ematen hasita. Ez naizela landa-eremukoa, kalekoa naizela adierazi nahi, eta «soy de la calle» lotsagorritzailea bota. Eta egia esan, hanka-sartzeak konponbide errazik ez zuela jabetu izan naiz gerora, «soy de la ciudad» gezurra baita, «soy del pueblo» ez dagokidan mitifikazio maila batekoa eta «soy urbanita» sofistikatuegia aukeran.

Atari-rekin ere antzeko zerbait gertatzen zait. Umetan jolastoki, nerabetan hitzordu-leku eta gerora despedida-gune izaten den hori erdarara ekartzea kosta egiten da. Portal beste gauza bat da guretzat; porche ez dute aberatsenek baino izaten; atrio-k intsentsu usaina du eta zaguán-ek zoko-zaporea.

«Gaur helduko dira Errege Magoak Betleemgo atarira», irakurriko dugu gutxi barru, mendeek lortu ez dutena Internetek aitaren batean lortu baitu. Berdindu. Haien portal gure atari da orain. Wikileaks, esaterako. Assange txarrenetik libre da oraingoz. Baina epaiak ez du informazio edo adierazpen askatasunik aintzat hartu. Bere buruaz beste egin dezan arriskua aurreikusi du epaileak. Ondorioa kausa, nonbait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.