Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Badago B planeta

2021eko abuztuaren 5a
00:00
Entzun

Aral itsasoko historiak sakonki liluratzen nau. Munduko mapan, Kaspiar itsasoaren eskuinaldeko ur-masa txiki eta borobil hura da. Mapetatik kanpo, dena den, Aral itsasoak existitzeari utzi egin dio. Fini. 1960 baino lehen, 68 mila kilometro karratuko azalera zuen. Gaur egun, 7 mila baino gutxiagokoa du. Hiru aldiz Euskal Herriko azalera duen basamortua dago haren lekuan. Sobietar Batasuneko eta Uzbekistango nekazaritza-poltikak dira horren erantzule.

Horrelako kasuetan, askotan ezer baino lehen pentsatzen dugu uretako izakiek jasandako hondamendiaz. Gizakia ere, ordea, ekosistemaren parte da. Aral itsasoko portu guztiak erredundante bihurtu dira, baita haietan aritzen ziren 60.000 pertsona ingururen lanbideak ere. Ez haiek bakarrik, komunitate osoak kalte ekonomiko gorria jasan du; merkatarietatik hasita itsaso ertzean aritzen ziren abeltzainak arte. Hori gutxi balitz, ura lurrundu zenean, gatz eta kutsadura guztia hareatzan kontzentratu zen. Urtero, ekaitzek 43 milioi tona hondar pozoitsu sakabanatzen dituzte eta horrek larriki kaltetzen du inguruko jendea amaren sabelean daudenetik. Gainera, ur edangarria eskuraezina da bi herenentzat. Azaletik aipatutako aldaketa sakonek kalte psikologiko handia ekarri die inguruko guztiei: tristura, etsipena eta itxaropen eza zabaldu, eta, jakina, depresio eta suizidio tasak igo egin dira.

Lurra suntsitzeari buruz hitz egitea gehiegikeria hutsa da. Asko jota, geure ekosistemak suntsitzeko gaitasuna dugu, gizakiok sufrimendu latzik gabe bizitzen ahalbidetzen gaituzten horiek. Bizitza, aldiz, erresilientea da, aurreko iraungipen masiboek erakutsi duten bezala. Espezie ugari desager daitezke, baina haien lekua beste batzuek hartuko dute. (Hori bai, gu ostean, beharbada planetak ez du bizitza inteligentea berriz garatzeko baldintzarik edukiko.)

Ez dago B planetarik, dio esaera ekologista ezagunak. Baina egon ere badago. Giza espeziearen arerioa izango den planeta da. Jorge Riechmann filosofo espainiarraren hitzetan, «Lurrak ez gaitu behar: guk, ordea, Ama Lurra behar dugu». Hondamendi ekologikoek erakusten dute ekologismoa, besteak beste, gizakiaren aldeko borroka-mugimendua dela. Eta, batez ere, jende boteregabetuon aldekoa, eliteek beti kalteak desbideratzea helburu dutelako, apurka-apurka, ahulenekin hasiz gehiengo nagusira iritsi arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.