Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Ondo izan? Ez, eskerrik asko

2021eko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Euskara heldutan erabiltzen hasi izanak darabildan lexiko arruntaz bereziki kontziente egin nau. Agurren artean, ondo izan (eta aldaerak) nahiko atsegina iruditu zait aspalditik. Diosal bati eska dakiokeen funtzioa betetzen du, alegia, topaketa bukatutzat jotzen dela adierazten du; baina, horrez gain, keinu sinpatiko bat ere badauka hartzailearentzat. Etxera joateko gogoz zaude, bai, baina une horretan ere gentleman hutsa zarela erakustea soberan ez dago, hurkoari ongizatea opatuz zure azken hitzen bitartez.

Azkenaldian, ordea, gero eta deserosoago egiten zait esaerak daukan aginterazko aditz hori; mandatu-usaina hartzen diot. Izan ontsa! Bai, beno, ez, beitu, azken boladan ez nabil oso ondo, saiatu ere saiatzen naiz, e?, baina ez dut uste kontua hain sinple denik, eskerrik asko, dena den, eta agur zuri ere.

Nahitaez, etsipena, tristura, antsietatea, beldurra, nekea bidaide ditugu bizitzako aro guztietan, eta horietan ondo egon behar izatearen presioa sentitzea itogarria izaten da. Lagun min batek negarrez hasteko zorian egon arte —eta betiere barkamena maiz eskatuz— baizik ez ditu bere penak partekatzen, familiak hain gogor irakatsi baitzion gaizki sentitzea gauza lotsagarria eta isilpean konpontzeko txikikeria dela. Txarto zara? Izan ondo.

Diosal agintari horren ordez, sentimenduen aldakortasunari lekua egiten dioten formulak erabiltzen ditut despedida baino lehen. Deitu edozer behar duzula! Beste lagun batek boladaka antsietate-atakeak izaten ditu, ezinbestean, eta niretzat beti pozgarria izaten da egun horietan bere deia jasotzen dudanean zama partekatzeko; norbaitek entzutea besterik ez du eskatzen. Hirugarren adiskide batek aitortu zidan txarto zegoeneko boladan asko lagundu ziola lagunek aisialdirako planak proposatzeak, horrek tristura uneetan babesa sentiarazten ziolako, arazoa konpontzeko etengabeko presiorik gabe.

Lagun talde erdia terapiatik pasatuz gero, txantxetan galdetzen diet ea geurea bereziki belaunaldi pairatzailea den, ala geure gurasoek daukaten zama berbera aitortzen ari garela besterik ez den. Zalantza hori askotan azaldu zait altzairuzko ama pairakorrak ikustean ere. Beharbada belaunaldien arteko eraginak ondo izan esaera esanahiez hustutako automatismo bihurtzen lagunduko du.

Bitartean, agur, eta hurrengo arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.