EGUZKI EPELEAN
Urte berri on
Abendua. Hil xarmagarri hori non gizarte zaharreko botere guztiak aliantza santu batean elkartzen diren gu kulturalki galkatzeko, antzarak bagina bezala. Jo eta ke. Nola sentitu eta jokatu behar dugun belarri eta begietatik ezin kenduta ibiltzen gara urtero. Horren moduko errusiar mendi emozionalean, goragalea sentitzen dut amaiera aldera: ezin egoki hausnartu urte berriaren sinbolismoa, garai baten itxiera, urte berriko asmoak...
Ez. Propaganda hutsa. Urtea oraintxe hasten da, irailean. Betidanik jakin dut. Helduaroko bidean, eskola-urteko agendak baztertzeko esan zidaten, eta urtarrilean hasten zirenak erosteko. Baina inoiz ezin izan dute neure baitan sentitzen nuen disonantzia mututu. Aitzitik, hazi baino ez du egin.
Nahiz eta iraganeko zama kulturalak kontrakoa aldarrikatu, egungo gizartea irailaren inguruan egituratuta dago. Adiskide guztiak apurka herriratu, oporretatik bueltan, eta haiekin bildu. Ikastaroen matrikula-epeak kontsultatu (baietz oraingoan igeri egiten ikasi). Lanean berriz moldatu, edo udako lana atzean utzi. Errutina goitik behera birsortu behar izan. Eta, batez ere, ixten ari den udari begirada samina eskaini. Agur, laztana.
Zergatik hasi ginen urtarrileko zentzugabekeria honekin? Geure egutegiak antzinako Erroman du jatorria. Errepublika aurreko garaian zerabilten egutegia martxoan hasten zen, udaberriaren hilean. Egun osagarriak (geure bisurteetan sartzen ditugunaren parekoak) urte amaieran sartzen zituzten, alegia, otsailean (eta guk halaxe egiten jarraitu dugu). Gerora, urtarrilean finkatu zuten hasiera, inork ez daki zergatik. Tito Liviok arrazoi pragmatikoen berri ematen digu: komandante militar berriek urte bakoitzaren hasieran hartu behar zuten kargua, baina Erromako konkistak hedatu ahala, gerrak gero eta urrunago gertatzen ziren. Beraz, urtea lehenago hastea erabaki zuten prozesu guztia aurreratzeko, tropak urruneko helburuetara iritsi orduko udaberria izan zedila.
Antzinako Erromako historialariek azalpen gehiago eman zituzten, baina horixe dut gustukoena. Duela bi mila urte baino gehiagoko erabaki logistikoa gaur egun fosildu eta geure ohituren ardatz bihurtu da. Nahikoa da. Erromatarrek emandako egutegia egoki ohora dezagun. Haien pragmatismo hotzak hartuta, elkarri begietara begira eta, udaren omenezko azken malkoei eusten, ozen esan diezaiogun: urte berri on!
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.