Onintza Enbeita.
BIRA

Biktimak

2021eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Berriro ikusi dut beldurra umearen begietan. Gauez negar egiten du, ez duelako hurrengo egunean eskolara joan nahi. Eta bere moduan, bere taldeko beste hainbat dira beldur. Ez badute zenbaitek nahi dutena egiten, jo egiten dituzte, edo baztertu edo burla egin, edo umeentzat gogorrak diren beste zenbait egoeratara kondenatzen dituzte. Batu dira gurasoak: biktimen gurasoak. Umeei lagundu egin behar zaiela erabaki dute. Elkarri esan diote seme-alabek haien ondoan daudela igarri egin behar dutela, ez dutela nahi bakarrik senti daitezen halako egoera batean. Ni ez naiz umearen ama, eta beste tonu batean kontatu ohi dizkit gauzak niri. Pentsatzen dut gurasoengan babesa bilatzen duela eta niregan konplize bat aurkitu nahi duela, lagun bat, gauzak ulertzen lagunduko dion norbait. Ez da justua hamar urteko umeek halako angustia izatea. Angustia, ikusi egiten duelako nola baztertzen duten bere gelako kide bat azalaren kolore desberdina daukalako, eta haren alde zerbait esaten duenean itzela datorkiolako gainera.

Biktimen gurasoak elkartu dira, berriro ere. Psikologoen kontsultak biktimaz beteta daude, baina zerbait oso gaizki egiten ari gara: gero eta biktima gehiago ditu eskola jazarpenak. Agian, biktimak sortzen dituzten umeen gurasoek elkartu behar lukete egoera aldatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.