Onintza Enbeita.
BIRA

Museoak

2022ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Museoen Nazioarteko Eguna da. Gaur debalde zabalduko dituzte normalean sarrera truke ikusten ditugun museo asko, eta ekimenak egingo dituzte barruan dagoena jendeari erakusteko. Niri gustatu egiten zaizkit museoak, baina haserretu eta tristatu ere egiten naute. Esate baterako, ezin dut jasan Londresko museo batera joan, eta duela milaka urte Grezian egin ziren eraikinen zatiak han ikustea. Askotan konkistatzaileen begi onaren eta jakinduria eskasaren artean mugitu da museo batetik bestera. Edozelan ere, joan izan naizen leku askotan bisitatu ditut artelanez betetako eraikinak zein artelan bizia diren hormak. Eta, hala ere, ezin zait buruan kabitu Urdaibain Guggenheim bat nahi izaterik.

Atzerriko fundazio pribatu batek eramaten du turismoak ustez Bilbora ekartzen duen aberastasunaren zati handi bat, eta badirudi ez dela nahikoa. Gure instituzio publikoek gure dirua ematen diote, eta orain ahizpa txiki bat eraiki nahi diote, dauden museoak ia alferrik dauden eskualde batean. Munduari ikasi nahi diogun adina daukagu munduari erakusteko, ezer berririk egin gabe, kanpotik inor ekarri gabe eta gauzei ingelesezko izenik jarri gabe. Munduari konplexuetatik hitz egiten diogu, indarguneetatik hitz egin beharrean, eta geurea ukatzen ari gara etengabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.