Onintza Enbeita
BIRA

Zatiketa

2022ko ekainaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Irudiak gogorrak dira. Esango didazue askotan ikusi ditugula, eta egia da. Askotan ikusi izanak, ordea, ez ditu biguntzen. Are gehiago: hainbat aldiz halako egoeratan egon izanak ez du berriro gertatzen denean errazago asimilatzen laguntzen. Azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzen zuten hainbat lagunen kontra oldartu da polizia. Azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeagatik jipoituak, indarrez eramanak. Eta gu hezkuntza sistemaz eztabaidan ari garenean, publikoa bada espainola dela iruditzen zaielako batzuei eta ikastolak eta kristau eskolak zaku berean sartzen dituztelako besteek, ez gara egoera orokorraz jabetzen. Eztabaidan ari gara, askotan edo beti bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko aldareetatik. Gure herria, baina, administratiboki zatituta dago, eta zatiketa hori antolatu dutenek oso ondo pentsatu dute guztia.

Guk eztabaidan jarraitzen dugun bitartean,ez Bilbon, Gasteizen edo Donostian, baina bai Baionan, azterketak euskaraz egitea eskatzen duen jendearen kontra oldartu da polizia. Eta neure buruari galdetzen diot, orain eta hemen, Euskal Autonomia Erkidegoan, halakorik gertatuko balitz, zenbat gurasok eta irakaslek jarriko luketen bere burua egoera horretan. Momentuz, euskarari ordu batzuk kendu dizkiote, baina astrapala gutxi sortu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.