Albistea entzun

EGUZKI EPELEAN

Hangoa bai beroa, e?

Diego Palles Lapuente -

2022ko abuztuak 6

Horixe da azken hilabetean maiz entzun dudan esaldia El Salvadorren, eguraldia hizpide zen edozein unetan. «Atzo albistegia ikusi nuen...» eta Frantziako tenperatura mapa bat osorik gorri-gorri agertzen zela, kaleko termometro batek 50 gradu markatzen zituela Andaluzian nonbait... Denak burmuinean erraz itsasteko moduko argazkiak.

«Zeuenak bai uda beroak!». Eta nik, ezetz, hori ez dela normala. Salbuespena dela, klima aldaketaren ondorioa. Baina askotan, alferrik: «Gaixoak, ez dakit nola konpontzen zareten bero hori jasateko...». Estreinakoz ikusi nuen nazioarteko pena ematen duen herrialde batean bizi naizela. Nola guk El Salvadorreko hilketa bolada baten albistea ikusten dugun eta hango eguneroko ogia dela uste, hala orokortzen dituzte haiek gure larrialdi egoerak.

Orduan, konturatu nintzen uste oker horri aurre egitea gero eta zailagoa izango dela urteak joan ahala, gaurko egoera, salbuespena izatetik urrun, datorrenaren trailerra baizik ez delako. Klima aldaketak ez du gure herria iruditeria kolektiboan soilik mugitu, fisikoki ere lekualdatu balu bezala gaude. Orain arteko biztanleria mantentzeko gai zen euskal lurraldeak ez ditu baldintzak betetzen, Busturialdea hornitzeko Bermeora egunero iritsiko diren bi milioi litro urez kargatutako itsasontziek adierazten duten bezala.

Baina planeta berean bizi garen heinean, El Salvadorren ere txakurrak oinutsik. Azken urteetako ohiz kanpoko ur eskasiak bereziki kaltegarriak izaten ari dira euri ura baizik ez daukaten laborarientzat. Kafea eta kakaoa landatzeko eremuak ere nabarmen murriztuko omen dira, eta hori albiste larria da egunean hamar dolar (9,77 euro) baino gutxiago kobratzen dituzten jornalarientzat. 2015 eta 2019 urteen artean, klima aldaketaren efektuetatik ihes egiteko nahia izan zen herrialdetik joateko arrazoi nagusia Guatemalako migratzaileen %18rentzat, eta Hondurasko %14rentzat.

Irudikatzeko zaila badirudi ere, milaka kilometrok banandutako lurretan fenomeno beraren zeinu desberdinak topa daitezke, geure herrialdeak desitxuratu eta bizitza latzago bihurtuko digutenak. Bai mundu berria desarrollismoaren ideologiak eta estatuen eta enpresa handien negazionismoak ekarri digutena.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

M-28ko hauteskundeak: pentsatu beharreko zerbait

Sabino Cuadra Lasarte - Abokatua

Bilera ofizialak, pasabideko bilerak, komunikabideetako azalaren bilatze larria, alkatetza eta presidentetza aunitzi buruzko ezbaia... zurrunbilo horretan murgildurik gara, eta, horrenbertze ahotsen artean, zenbait gai garrantzizko ari dira urtzen. Ez dut erraten bertze batzuk baino garrantzitsuagoak direnik. Bai, ordea, hausnarketarako xede izan beharko liratekeela.

Gorrotoa heriotza mota bat da
'Don't Say Period'

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...