Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Zer garen jakiteko

2022ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Aurreko batean, adiskide batek egun batzuk pasatzera gonbidatu ninduen Lezara, Arabako Errioxara. Hango leizeetan gordetzen den ardoari eskua hurbiltzeko aukera izan genuen, bai, baina tarteka begirada lur azpiko upategietatik gora zuzentzea ere aberasgarria izan daitekeela ikusi genuen. Eskualde osoan, gauez dagoen argi-kutsadura maila baxuari esker, zeru izartsuaren ikuskizunaz goza daiteke herri inguruko bidexkak hartuta iluntasunean barna ibiliz gero. Ni, hirikume petoa, gutxitan topatzen dudan aukeraz baliatu eta, ikuspegiak inspiratuta, astronomiari buruz urteetan zehar pasioz bildu dudan ezagutzari hautsa kentzen hasi nintzaion pozarren.

Baina tamalez, lagunetako batzuek astrofobia sakona pairatzen dute eta ez dute inoiz entzun nahi nik, haiek lasaitzeko asmoz, zulo beltz batean erortzeko arriskuan ez gaudela argudiatzeko prestatu diedan azalpena —«Beno, ezta-pentsatu-ere»—. Senide artean, aldiz, publiko harkorragoa izan dut eztabaida astronomikoak sustatzeko garaian, baina beti, batez ere nerabetan, neure onetik ateratzen nauen galdera batez erantzun izan didate: «Baina horrek guztiak... zertarako balio du?». Suminari nolanahi eutsiz, nerabe hark GPSei eta antzeko argudio teknolatrikoei erreferentzia eginez erantzuten zien. Baina orain ez nuke horrela jokatuko.

Behin Richard Feynman estatubatuar fisikariak erronka interesgarria proposatu zuen: mundu mailako hondamendi baten ondorioz, historiako ezagutza zientifiko guztia galduko balitz esaldi bakarra izan ezik, zein esaldik kontzentratuko luke informazio gehien ahalik eta hitz kopuru txikienean? Bere ustez, «gauza oro atomoez osatuta dago». Ados nago asmo zientifiko baten ikuspuntutik; baina soziologikoki, beharbada eragin handiagoa izango luke beste honek: «Ez gara unibertsoaren erdigunea».

Zaila da neurtzea ustez asmo praktikorik gabe sortutako ezagutza horrek guztiak izan duen eragina bai giza zibilizazioan baita norberaren baitan ere. Baina argi dago dogmatismoaren aurkako eragina izan dela, Galileo mehatxatu, edo Darwin tximino gorputzez marraztu zutenen erreakzioek erakutsi zutenez. Egun gutxi barru unibertsitateetan edo ikerketa lanetan sartuko diren gazte askok praktikotasunaren ditxosozko galdera hori berriz entzun beharko dute; baita, beharbada, munduaren ezagutzan besterik gabe sakondu nahi duten adin guztietako askok ere. Erantzunetako bat izenburuan kokatu dudana izan liteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.