Bikote harremanetan aditua denpsikologo batek esan omen zuen, bikote batean lehen eztabaida sortzen duen gaia izango dela beti eztabaidagai. Hau da, norbait ezagutzen duzunean, lehen eztabaida datorrenean, kasu! Hori izango da beti bikote hori muturtuko duen kontua. Hara gaixoak ikustera etortzen direnek ze kontu ekartzen duten. Pentsatzen hasita, ordea, lagunen artean gertatzen dira halakoak. Betidanik ezagutzen ditugun pertsonei barkatu egiten dizkiegu orain ezagutuko ditugunengan jasango ez genituzkeenak. Umetako lagunak elkartzen garenean barre egiten dugu elkarrengandik gustatzen ez zaizkigun gauzez. Gero, guztiok ez gaudenean begiei buelta ematen diegu etorri ez direnen gauzak komentatzen. Eta halako batean konturatzen zara beti kritikatzen dituzula gauza berak. Eta pentsatzen duzu zu ez zaudenean ere antzera gertatuko dela. Maite dugun jendeaz ari garenean argi izaten dugu haiengandik zer gustatzen zaigun, baina baita gustatzen ez zaiguna ere. Argi izaten dugu ze alde ilun sakrifikatzeko prest egoten garen argiak gozatzeko.
Egia izango da bikoteek ere beti harri berean egiten dutela estropezu. Logika badauka. Zaila da pertsonak aldatzea, eta azkenean, edozein harremani eusteko bide bakarra gustatzen ez zaizkigun gauzak onartzea da.

BIRA
Argi-ilunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu