Onintza Enbeita
BIRA

Euskaraz

2023ko irailaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Espainiako Gorteetan euskara erabiltzen hasi dira. Ez dakit nola hartu berria. Alde batetik, pozten naiz euskararen erabilerak mugak gainditu dituelako, eta gure politikariek hemendik kanpo ere haien hizkuntzan egin dezaketelako. Beste alde batetik, ordea, ez diot zentzu handirik ikusten gure sentitzen ez ditugun instituzioetan gure hizkuntzan aritzeari. Sinetsi nahi dut onerako izango dela.

Bitartean, Euskal Herri barruko hainbat instituziotan gaztelaniaz hartzen dira erabaki garrantzitsuak. Alderdi abertzaleetako ordezkariek ez dute beti euskara lehenesten publikoarengana zuzentzen direnean, eta gure telebista publikoan gertatzen dena ikusi besterik ez dago gaztelaniaren nagusitasun ekonomiko eta soziala ulertzeko. Guztia ez du konponduko Espainiako Gorteetan euskaraz egiteko aukera izateak. Izan ere, jende askok bizi du euskara bereizgarri huts moduan. Haien artean gaztelaniaz bizi diren zenbait euskaldunek euskaraz egiten dute haien artean Espainian badaude oporretan. Euskara hori baino gehiago da, ordea. Bereizten gaitu eta izaera ematen digu. Hizkuntza bat ez da beste komunitate batetik bereizten zaituen tresna hutsa. Hizkuntza zure komunitatea eraikitzen duen tresna ere bada, eta barruan erabiltzen ez baduzu, nekez eraikiko duzu komunitatea kanpoan erabilita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.