
BIRA
Zezena
Mila aldiz errepikatu diozu zeure buruari ez zaizula berriro gertatuko. Baina gertatu egiten da. Badago jendea, edozein ezusteko geratzen zaiola ere, egoerari heltzeko prest dagoena. Zuk egoerari heldu egiten diozu, baina inoiz ez zaude prest. Bizi guztia daramazu azterketak bezperan errematatzen, entregak azken minuturaino luzatzen, egun bat gehiago eskatzen. Hain lanpetuta zaude beti, ezen deskantsurako aukera duzunean ez duzula ia ezer aurreratzen. Bada hilabete artikuluen nebera hutsik daukazuna, eta gaur ere ia gaupasa egin duzu eguneroko lanei beste lan batzuk gehitu zaizkielako. Beti pentsatzen duzu hurrengoan prest egongo zarela, baina asteburuan ligatu egin duzu, eta etxera iritsi zarenean jaso gabe dago dena. Ez dakit zenbat denboran zauden ikastekotan, baina azken hitzaldira ere ordenagailu bidezko aurkezpen gabe joan zinen. Badakizu etxean altzari batzuk falta zaizkizula, eta horretarako aurreztu egin behar zenukeela, baina inoiz ez da momentu egokia. Eta horrela bizi zara. Psikologoak esaten dizu antolatzen ikastean datzala gakoa. Etxean esaten dizute alferrak beti daukala lana. Lagunek diote ezetz esaten ikastea dela kontua, ezin duzula denera iritsi. Zuk ez dakizu zein den arazoa, baina zezen ostiari ihes egin ezinda daramazu bizitza guztia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu