Onintza Enbeita
BIRA

Karma

2019ko urriaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bake ederra emango lukete Franco betirako erraustuko balute, baina haren gorpua dagoen horretan aldatuko dute lekuz. Pentsa, nik badaukat lagun bat esaten duena beste munduan berpizteko aukeraren bat izanez gero tristea litzatekeela haizeak eramandako errautsak bildu ezinik ibiltzea gorputz eternala osatzeko. Halako zerbait gertatzen zaie faxistei ere: beste munduan inor zapaltzeko aukerarik edo gerrarik sortzeko modurik izanez gero, gorputz osoa behar izaten ei dute.

Denbora asko galdu du Espainiako ustezko demokraziak Francorekin zer egin behar duen erabaki arte, baina era berean, Eroriren Haranetik ateratzea da inoiz egin duten zentzuzko gauza bakarra. Ez dauka zentzurik diktadoreei gorazarre egiteko tenpluak mantentzeak. Denborarekin haran osoa erraustuko balute ere, mesede baino ez.

Nahiago nuke hilkutxa helikopterotik eroriko balitz. Poztu egingo ninduke Franco lurrean ikusteak. Ez da hain krudela berez: dagoeneko ez luke minik hartuko. Eman behar liguke historiak mendekurako aukeraren bat: karma historikoa izango litzateke. Nola Francoren familian independentistak sortzea ia ezinezkoa den, bere gorpua behin betirako desagertzea ederra litzateke. Gure amamak esango lukeen bezala, arrautza bakarra izateko, ez baita lata makala hil eta gero ere ematen ari zaiguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.