Onintza Enbeita
BIRA

Hotza

2021eko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ditudan arropa guztiak elkarren ginean ipinita joan naiz kalera egunotan; bera txankletekin. Ea hotzik ez duen galdetzeaz nazkatu egin naiz. Horrela baldin badabil, hotza eramangarria egiten zaiolako izango da. Ez da hotzarekin lasai dabilen bakarra: atzo azokara jertsetxo batekin etorri zitzaidan bezero bat. Joan den astelehenean hotz handiagoa egiten omen zuen. Hura joan zenerako hasi zitzaizkidan ondokoak galdezka ea ez ote zuen gizon horrek hotzik izango. Eta zenbatzen hasi nintzen zenbat aldiz galdetu didaten txankletadun nire lagunari buruz. Pentsatzen dut bera nazkatuta egongo dela beti galdera berari erantzuteaz, eta horregatik galdetuko didatela niri: erantzun txarrik ez entzuteko.

Gustura esango nioke jendeari, ordea, kalean kartoi artean lo ikusten dituztenei ere galdetzeko ea hotzik duten. Eta ez baldin badute jendeari hotza kentzeko ezer egingo, alferrik dela galdetzea. Eta pentsatzeko ez dela hotz berdina zapatilak etxean utzi eta txankletekin doanarena edo zapatilak erosteko dirurik ez duenarena. Eta askoren hotza konpontzeko nahikoa genukeela guk gutxiago izatea haiek gure beste izan dezaten. Eta aukerakoa denean bakoitzaren kontua dela sentsazio termikoa. Eta aukerakoa ez denean, guztion ardura dela batzuek berogailua pizteko aukerarik ez izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.