Onintza Enbeita.
BIRA

Egindakoa

2021eko martxoaren 31
00:00
Entzun
Gernika baino lehen bonbardatu zuten Durango, gaur bezalako egun batez. Bigarren Mundu Gerrarako entseguak egin omen zituzten alemaniarrek. Iparraldeko lurralde vascongadoei lezio bat eman nahi izan zieten espainiarrek. Anai-arreben arteko borroka bat zela esan ziguten eskolan. Ez zen hala izan, ordea. Faxistek estatu kolpea eman zuten, eta haien aurrean euren burua defendatu zuten milaka herritarrek, anarkistek, abertzaleek, errepublikanoek, komunistek eta sozialistek. Antifaxistek, oro har. Faxistek laguntza handia jaso zuten, ordea.

Faxistak beti dira pentsatzen dugun baino gehiago. Egoera haien erosotasunaren alde dagoenean, harri azpietan egoten dira, baina euren burua kolokan ikusten dutenean, kaleak hartzen dituzte. Eta faxistek ez dute euren zilegitasuna zalantzan jartzen inoiz: ez duela zortzi hamarkada, ez orain. Eta helburuak bitartekoak justifikatzen dituela badakite: bonbak, hegazkinak, hildakoak, bortxaketak, umeen lapurretak... denak balio izan zien lehen, eta ez dute egindakoaren damurik orain.

Historian ezer ez da gertatzen. Fenomeno naturalak salbu, historian ezagutzen dugun guztia gizakiek egindakoa da. Ez dezagun kontatu altxamendu faxista hura halabeharrez gertatutako zerbaiten moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.