Onintza Enbeita
BIRA

Amorrua

2021eko maiatzaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Amorruari buruz idazteko eskatuzidaten emakumez osatutako proiektu baterako. Beste edozein emozio bezain duina da amorrua, baina ez dauka pozak bezain publizitate ona. Asko pentsatu nuen idazten hasi aurretik, eta konturatu nintzen nola, askotan, bakardadean bizi izan dudan amorrua. Ezingo nuke kalkulatu zenbat aldiz egin dudan negar amorruz, ez dudalako jakin edo ez didatelako irakatsi sentimendu hori beste modu batera kanalizatzen. Munduko beste edozein pertsonaren moduan, ni ere askotan amorratu naiz; ordea, badirudi ez dela hori emakume eredugarriei dagokien emozioa. Askok pentsatuko dute oraindik, emakumeok irribarre egiteko bakarrik erakutsi ditzakegula hortzak.

Idatzi beharrak eskatuta, neure barruan ibili naiz bila, eta ohartu naiz ez dagoela ezer «ez zaitez haserretu, emakumea!» baino amorru handiagorik eragiten didanik. Izan ere, espazio publikoan eztabaidatzea tokatu zaigunean, gure ustezko haserrea argudiatu izan digute gu arrazoirik gabe uzteko. Eta ez, ni ez naiz eztabaida batean, publikoki, inorekin haserretu. Kontua da emakumeok ere serio hitz egiten dugula gauza serioei buruz ari garenean. Amorrua beste gauza bat da. Amorrua halakoak entzuten ditugunean edo kontuan hartzen ez gaituztenean sentitzen duguna da. Oraindik ere askotan, zoritxarrez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.