Iparragirrek hala kantatu bazuen ere, ez dakit bihotza den bueltan Euskal Herrira ekarri ohi gaituena. Urdailak ere ez seguru aski; Zaramak bertsionatu zigun moduan. Ez dut joan izan naizen leku batean ere goserik pasa. Panorama eskas ikusi izan dudanean beti pentsatu dut bertakoak hiltzen ez dituenak ni ez nauela hilko, eta dagoenari zabaldu diot urdaila. Eta herriminari buruz zalantzak izan ditut beti. Esan nahi dudana da pertsonak direla faltan igartzen direnak lekuak baino gehiago. Ni bizi naizen herria baino politagoak mila daude munduan. Barkatuko didazue muxikarrek, baina hori horrela da. Kontua da hantxe dagoela ni naizenaren zati handi bat, hantxe dagoela biluzien ezagutu nauen jendea, hantxe dago naizena eraiki aurretik izan nintzen guztia. Eta hantxe ditut gurasoak, ahizpak, ilobak…
Jendea oporretatik itzuli ahala, horri bueltaka ibili naiz aurten. Zelako beharra izaten duten askok joateko, eta norainoko gogoa itzultzeko. Guztia desberdina izan behar zuen udazken hau etorri da, eta neu ere itzuli naiz orriotara. Ez dakit bihotzak, urdailak hala buruak ekarrita, baina hemen nago. Eta aitortzen dizuet udahonetan ere ez dudala ikasi sentimenduak, behazuna eta arrazoia bereizten. Etengabe itzultzen dira idazten hasten naizenean.

BIRA
Itzulera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu