Aita da futbol taldeko presidentea, eta semea entrenatzailea. Jokalari zenbaitek salatu dute entrenatzaileak komentario matxistak egiten dituela haien kontra eta tratu umiliagarria ematen diela. Orain klubak dio ez dela egia: ez dagoela salaketa ofizialik eta ez dakit zer. Ezer berririk ez halako notiziak ikustean asaldatzen jarraitzen dugunontzat. Ez da kasu bakarra. Azkena izan dadin amets egiten dugu, baina urrun gaude amesten dugun mundua lortzetik. Halakoetan normal bihurtu denez, erasotzaileak badauka babes moduko bat. Klubak esan du ez dela ezer txarrik gertatu, eta aitak semea defendatu du. Herrian ez dakit ze iritzi izango duen jendeak, baina beti dago erasotzaileak zuzenean defendatu ez arren, erasotuei galderak egiten dizkien jendea. Galdera asko. Azkenean batek ateratzen duen ondorioa da tentela izan dela salaketa jartzeko itxaron egin duelako. Erraza baita, mundu matxista honetan, salatzea. Seguru, salaketa hirugarren erasoan jarri ordez lehenengoan jartzen baduzu, aitak, semeak eta espiritu santuak ere arrazoia ematen dizutela.
Bereziki nazka handia ematen didate nerabeengana kirolaren izenean hurbildu eta haien gorputzez abusatzen dutenek. Murtziaraino joango nintzateke klubaren egoitza mailu handi batekin txikitzera, baina hurbilago ere gertatu dira.

BIRA
Klubak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu