Tomate motez eta haien zaporeaz hitz egiten dugu, baina azkenaldian konturatu naiz neguko baratzea galtzen ari garela. Gauza asko ez dira ia landatzen, eta litekeena da inork kontsumitzen ez dituelako izatea. Izan ere, udan preziatuak ditugun produktuak eros ditzakegu edozein garaitan, eta hain zaporetsu edo koloretsu ez diren gauzak erosteko beharrik ez dugu. Ez zaigu interesatzen. Dena berde ikusten dugu, udako gorri eta laranjak eskaintzen dizkiguten lekuetara joatea erabakitzen dugu. Badakigu kilometro asko egin dituztela gurera iristeko. Badakigu kasu askotan jendea esplotatu egin dutela guk erosi duguna ekoizteko. Badakigu hilabete luzez hozkailuan gordeta egondako gauzak direla. Badakigu monokultiboetan landatuta daudela eta gai kimiko asko erabili dituztela haiek guregana irits daitezen. Badakigu. Ez digu inporta, ordea. Ez diot inori errurik botatzen. Neuretzat ere erraza da berdin diola pentsatzea. «Gaurkoagatik», esaten diot neure buruari. Bistara datorrena erosi, eta hori bakarrik jatea da askotan aukerarik onena.
Kontua da, neska-mutilen harremanetako moduan, esan egiten digutela zer gustatu behar zaigun. Kanpaina handiek mugitzen dute gure gosea. Lantzean produktu miragarri bat aurkezten digute, eta gu itsu-itsuan joaten gara esaten digutenaren bila.

BIRA
Gosea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu