andoni egana
HITZ ETZANAK

Koilarak

2019ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Bageneuzkan beste mila zeregin eta buruhauste, baina guri ere eragin egin zigun Uri Gellerrenak. Telebistan bi kate baino ez ziren garai hartan 20 milioi ikusle izan zituen programak. Jose María Iñigorekin azaldu zen pantailan, geldirik zeuden eskumuturrerako erlojuak eskuz ukitu gabe martxan ipiniz eta, batik bat, koilara bat buru-indar hutsez bigundu eta apurtuz. Ume edo nerabe ginen gehienok egin genuen proba etxean, lagunartean edo eskolan. Koilara askok egingo zuen ihes egun haietan sukaldeetako kaxoietatik. Guri, disimuluan indarka aritu arren, ez zitzaigun sekula ongi irten.

Egunotan izan dugu berriz Uri Gellerren berri. Theresa Mayk brexit-ari buruz duen iritzia aldatzea du orain helburu. Gutun bat idatzi zion nonbait, eta agintariak ez zion jaramonik egin. Horregatik, eta bere iritzia alda dezan, egunean bi aldiz kontzentratu eta telepatia bidezko erauntsitxoak bidaltzea proposatu du ilusionista israeldarrak. Ba omen du jarraitzailerik...

Lehen ere guk uste baino «politikoagoa» zen Uri Geller. Espainiako telebistan 1975eko irailaren 6an azaldu zen. Txiki, Otaegi eta FRAPekoen fusilamendua baino hiru aste lehenago. Franco hilzorian zela. Atentzio fokua desbideratzea da magiaren oinarri. Eta hori inork baino hobeto egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.