andoni egana
HITZ ETZANAK

Energia

2019ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Boladarik gogorrenetan, esnatu eta artean etzanda nagoela, horixe da egiten dudan lehen gauza: ahotsik badudan frogatu. A, A, A, A! Mi-Sol-La-Si! Barregarri ere gerta daiteke horrelakorik entzutera ohitua ez dagoenarentzat. Neurri handi batean ahotsetik bizi garenontzat, beldurgarria da goizean esnatu eta eztarrian trabaren bat sumatzea, bezperako hitzek eta kantuek, ke eta edari hotzegiek lanerako gutxitu egin zaituztela jabetzea.

Norbere ahotsa oso gauza serioa da. Hasieran ez duzu gustuko izango. Ez dut pertsona bakar bat ezagutzen estreinakoz bere ahotsa magnetofoi batean grabaturik entzun eta gorroto izan ez duenik. Zure ahotsa moldatzen eta maitatzen ikasiko duzu gerora. Ohartuko zara huraxe duzula ingururako sarbide. Hark laguntzen dizula nahi duzun hura lortzen. Hura dela zure ezaugarri behinenetarikoa. Zeure-zeurerik zerbait baduzu, ahotsa dela.

Iberdrolaren mezua iritsi zait posta elektronikora. «Zure ahotsa gure energia da». Eta horixe bai ezetz! Nire ahotsa nirea da. Noiz-nola neuk ikusiko dut, baina utzi nire ahotsa neure energia izan dadin! Nork eta zuek, ez nauzue horrelako esaldiekin limurtuko. Ahotsa energia eta energia ahots segi beharko dut luzaroan, besteak beste, zuen fakturak ordaindu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.