Belaunaldi berri bat dena aztoratzeko

Bihartik aurrera, erabilgarri egongo da 5G-a edo telefoniaren bosgarren belaunaldia Hego Euskal Herriko hiriburuetan, baina oraingoz gailu batzuetan baino ez. Zenbait adituk diote aldaketa handiak eragingo dituela teknologikoki eta sozialki.

5G sarearen kartel bat Bartzelonako telefono mugikorren azokan, otsailean. ENRIC FONTCUBERTA / EFE.
aitor biain
2019ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Ez da nolanahiko aldaketa izango. Adituen esanetan, azken hamarkadetako iraultzarik handiena eragingo du 5G deituriko telefoniaren belaunaldi berriak. 1980az geroztik, hamar urtean behin belaunaldi berri batek ordezkatu du telekomunikazio sistema: ahotsa soilik transmititzetik hasi, eta, seinale digitalari esker, mezuak, datuak nahiz bideoak igorri eta Interneteko nabigazioa eskaintzeraino iritsi dira telefonia sistemak egun. Belaunaldi berriak, ordea, hori guztia gaindituko du. «Jauzi teknologikoaz gain, jendearen eguneroko jarreran ere eragin nabarmena izango du», Zaloa Campillo Euskal Herriko Telekomunikazio Ingeniaritza Elkarteko arduradunaren arabera.

Ez da etorkizuna, nolanahi ere, errealitatea baizik, bihartik aurrera martxan egongo baita Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Vodafone konpainia izan da sarea hedatzen lehena, eta eskuragarri izango da haren gailu batzuetan, eta Gasteiz, Bilbo, Donostia eta Iruñeko zenbait guneetan. Baina zer ezaugarri ditu sareak? Zer aldaketa ekarriko ditu? Eta zertan nabarituko dute erabiltzaileek?

ZER DA 5G?

Telefonia sistemen bosgarren belaunaldia esan nahi du. Ahotsaren transmisio hutsarekin hasi zen aurrenekoa, eta ondorengo belaunaldietan iritsi da datuak igorri eta Interneten nabigatzeko aukera. «Laugarrenean daude herrialde garatuak egun; beraz, sistemaren garapena baino ez da oinarrian. Komunikazio gailu mugikorrak sarera konektatzea ahalbidetzen duten sistema da».

ZER EZAUGARRI DITU?

Hiru ezaugarri nabarmendu daitezke: abiadura, latentzia eta konektibitatea. Esaterako, 5G sarearen konexioa oraingoa baino 100 aldiz azkarrago ibiliko da: «Segundoko 15 megabit ziren lehen, eta orain 10 gigabit izango dira; salto handia da». Horrek eragina izango du latentzian, bereziki: alegia, nabarmen txikituko da informazioa bidali eta jasotzearen artean dagoen atzerapena; «milisegundo batekoa izango da». Bada, «denbora erreala inoiz baino errealagoa izango da», sareak muga fisikoak gaindituko baititu. Azkenik, estaldura hobea izango du. «5G sarea errazagoa da hedatzen, eta askoz ere antena txikiagoak erabiliko ditu. Beraz, estaldura ere hobetu egingo da: ia-ia %100era hel gaitezke». Horri esker, konektibitatea ere hobetuko da, eta aldi berean gailu gehiago konektatu ahalko dira sarera, sareak gainezka egin gabe.

ZER BESTE ONURA DITU?

Estaldura eta konektibitatea hobetzean, gailuen baterien kontsumoa ere nabarmen jaitsiko da. Campilloren arabera, orain baino hamar aldiz gehiago iraun lezakete. «Antena berriei esker, sareko energiaren kontsumoa %90 txikiagoa izango da; beraz, berdeagoa izango da».

ZER BALDINTZA DAUDE 5G IZATEKO?

Bihartik aurrera Hego Euskal Herriko hiriburuetan 5G sarera konektatzeko aukera izango da, baina aukera hori ez du edonork izango. Vodafone konpainiako gailu batzuek baino ez dute konexio hori izango: zehazki, Samsung (Galaxy S10 modeloa), LG (V50 ThingQ modeloa) eta Xiaomi (Mi MIX3 modeloa) markako telefonoetan komertzializatuko dute telefoniaren azken belaunaldia. Hala eta guztiz ere, sarea lurralde guztian erabat zabaltzen denean, «konexio horri eutsiko dion txipa» duen gailu mugikor bat izatea baino ez da behar, Campillok adierazi duenez.

ETA GAINERAKOEK NOIZ?

Gainerako telekomunikazio operadoreak ere sarea hedatzeko lanetan dira; beraz, «pixkanaka» aukera hori zabaltzen joatea espero da. Berez 2020rako iragarri zen, baina Vodafone aurreratu egin da. «Japoniak aspaldi esan zuen Olinpiar Jokoetarako eskuragarri jarriko zuela. Euskal Herrira ere laster iritsiko da; datorren urterako, seguru». Campillok gogorarazi du, baina, hedapena «mailakatua» izango dela: «inbertsio handia da, eta ezin da egun batetik bestera bazter guztiak antenaz josi».

ZERTAN NABARITUKO DU ERABILTZAILE ARRUNTAK?

Abiaduraz eta estalduraz gain, erabiltzaile arruntak ez du aldaketa handirik igarriko, Campilloren arabera. Baina erabiltzaileek «etekina» aterako diete konektibitate modu berriak ekarriko dituen «askotariko aukerei»: «Proiektu gehiago sortuko dira, eta zerbitzu gehiago izango ditugu». Hala ere, Gauzen Internet (IoT) edo sarera konektatzen diren objektuetan izango den garapenean nabarituko dute aldaketa: «Gure herriak adimentsuagoak izango dira».

ZER GERTATUKO DA AURREKO BELAUNALDIEKIN?

Ez dira desagertuko; martxan jarraituko dute. Izan ere, belaunaldi bakoitzak bere eginkizuna du oraindik ere: «2G-a adibidez, telemetriarako edo datu txiki batzuk pasatzeko erabiltzen da oraindik». Gauza bera gertatuko da zuntz optikoarekin ere; ez dute kenduko; modu batera edo bestera estaldura emateko balio dute. «Hamar urte dituen telefono batek 3Gko konexioa izan dezake bakarrik: kenduz gero, zerbitzurik gabe geratuko litzateke».

ZER ERAGIN IZANGO DU GIZARTEAN?

Telefoniaren belaunaldi berriak ez du soilik sarearen hobekuntza ekarriko; aitzitik, berehalako konexioak hori guztia gaindituko du, Campilloren esanetan. Sarea eguneroko beste hainbat esparrutara hedatuko da, eta horrek eboluzio handi bat eragingo du. «Erraztasun asko ekarriko ditu hainbat sektoretan: industriaren digitalizazioa edo 4.0 delakoa ezartzeko, adibidez, edota osasungintzaren arloan». Pauso handi bat dela uste du, egunerokoan igarriko dena. «Erabateko iraultza eragingo du, bai arlo teknologiko eta industrialean, baita arlo sozialean ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.