Murgako istripu hilgarria ezkutatzen saiatzea egotzi diote enpresari

Teilatutik erori zen langilea bere postura mugitu zuela salatu du LABek. Inputatu bat dago gutxienez, langilea hura ere

Murgako Zorroza birziklatze enpresa barruko irudia. AIARALDEA.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko martxoaren 11
00:00
Entzun
LAB sindikatuak Bassirou Dione 24 urteko langilea hil zeneko istripua «ezkutatzen saiatzea» egotzi dio Zorroza Gestion de Residuos Murgako (Araba) zabor birziklatze enpresari. Sindikatuaren arabera, enpresako kudeatzaileak langile zauritua mugitzeko agindu zien beste langileei, eta «behartu» egin zituen Dione lantokiko bere postuan zauritu zela deklaratu zezaten. Are gehiago, LABek jakin duenez, gutxienez inputatu bat dago kasuan, eta hori Dione mugitu zuen langileetako bat da. Estaltze delitua egotzi diote.

Dione otsailaren 29an hil zen, Zorroza Gestion de Residuos enpresak Murgan duen biltegiko teilatutik erorita. Kudeatzaileak igotzeko agindu zien Dioneri eta beste hiru langileri hodi bat konpon zezaten. Hori ez zen euren jarduna enpresan —hildakoak astebete baino gutxiago zeraman bertan—, eta segurtasun neurririk gabe igo ziren. Lan horretan ari zela, teilatu zati bat puskatu egin zen, eta Dione erori egin zen.

LABek azaldu duenez, eta, behin lurrean zela, enpresako kudeatzaileak langile batzuk behartu zituen Dione mugitu eta lantokiko bere postura eraman zezaten, eta agindu zehatzak eman zizkien larrialdi zerbitzuak eta Ertzaintza iristen zirenerako: «Badakizue zer esan behar duzuen, ez? Zintatik erori dela... Zintatik erori dela!». Lekukoek diote oraindik bizirik zegoela. Era berean, eta sindikatuak jakin duenez, Ertzaintzak gutxienez pertsona bat inputatu du kasuarengatik, eta hori langile bat da. Hari ustezko estaltze delitua egozten diote. Sindikatuak ez daki inputatu gehiago dagoen. BERRIA Osalanekin eta epaitegiekin harremanetan jarri zen atzo, baina ezin izan zuen baieztatu bakarra den ala ez.

Osalanen eta lan ikuskaritzaren txostenak ez daude eginda, baina sindikatuek aurrerapen txiki bat jaso dute. Horren arabera, teknikariak joan zirenean, hurrengo goizean, Dione erori zen teilatuko zuloa konponduta zegoen. Erorikoaren altueraren inguruko datuen inguruan ere bi bertsio daude. Dione hasieran artatu zuten larrialdi zerbitzuek lau metrotik erori zela jaso zuten, baina Osalanek 8,7 metrotik izan zela jaso zuen txostenean.

«Langileen Guantanamo»

Luli Eraso LABen lan osasun arduradunak eta Lucas Pasandin Aiaraldeko ordezkariak eman zituzten xehetasunak. Pasandinen hitzetan, Zorroza «lan eskubideen Guantanamo» bat da. Hori argudiatzeko lan baldintzen berri eman zuen: hamar orduko nahitaezko lanaldiak, hitzezko tratu txarrak, eraso fisikoren bat, material eskasa, soldata txikiak, garbiketa falta... Horiez gain beste irregulartasun deigarri bat salatu zuten. Istripua baino hilabete batzuk lehenago, enpresako buruak hiru aldiz ukatu zien sarrera lantokia ikuskatzera joan ziren udaleko zerbitzu teknikoei; azkenean, Ertzaintzak lagunduta sartu ziren. Aurretik, Aiarako Udalak espedientea ireki zion Zorrozari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.