Onintza Enbeita.
BIRA

Pentsatu

2021eko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Gaur ere «jendeak beti eskatzen digu ez daukaguna», esan dit azokan nire alboko postukoak. Arrazoia dauka. Urtarrilean ilarrak, eta orain ilarrak badaudenean, lekak. Normala ere bada. Gure postuetan erosi beharrean fruta-dendara doanak guk ez daukagun guztia aurkituko du; edo ia guztia. Bezero batek kontatu digu engainatu egin zutela duela hilabete pare bat: bertoko lekak erosita joan zen etxera pozik, baina gero azaldu zion norbaitek kanpokoak saldu zizkiotela. Esan diot jakin beharko lukeela hemen oraindik ez dela leka garaia. Egotekotan negutegikoak oraintsu hasita egongo direla, baina duela hilabete bi goiz dela lekentzat. Ea berak hori nola jakingo zuen esan dit.

Egia da azokara etortzeko ez dela master bat egin behar: neuk ere gero eta gutxiago dakit eta astelehenero postua jartzen dut. Ordea, astero azoka bat egiten den herrian, erosteko asmorik ez duenak ere eman dezake azokatik buelta bat, eta logikari lekua egin. Esate baterako, azokako baserritar guztien artean bat bakarrak ez badauka tomaterik, pentsatzekoa izango da ez dela tomate garaia. Edo bat bakarra baldin badago mahai bete gauza daukana eta beste guztiek gauza gutxi badituzte, pentsatu. Pentsatu eta gero erabaki zer erosi gura duzun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.