Onintza Enbeita.
BIRA

Barkamena

2021eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Irratian entzun dut. Ez dute bere izenik esan. Ez dakit ondo laburtzen asmatuko dudan Ondarroako euskara ederrean esan duena: «Ni nire enpresan pozik nago, gizarte segurantza badaukat. Nik gure enpresaria ere ondo egotea nahi dut, baina sei euro kobratzen dugu orduko. Non gaude, bada? Gero esaten dute Euskadin ondo bizi garela. Guk lan egindako orduko kobratzen dugu: ez daukagu hileko soldatarik. Itsasontzirik ez badago, atunik ez dago, eta atunik ez badago, guk ez daukagu lanik. Denok gara emakumeak. Gero esango dute berdintasuna dagoela! Non daude gobernuak hau konpontzeko?». Haserre hitz egin du eta azkenean barkamena eskatu: «Txarto berba egiten ari naiz, barkatu, baina haserre nago!».

Bada ez zait iruditu gaizki hitz egin duenik. Arazoa oso ondo esplikatu du, eta, gainera, gutxienekoak non egon beharko liratekeen argi utzita. Bide batez, tradizionalki emakumeei atxiki zaizkien lanbideak gizonezkoenek baino baldintza txarragoak izaten dituztela ere esan du, eta benetako arduradunak non dauden azaldu. Bejondeizula!

Ez dut uste hobeto hitz egin daitekeenik. Areago, emakume horri haserretzea baino besterik ez zaiola gelditzen pentsatu dut. Badugu guk ere haserretzeko eskubidea, eta ez gintuzkete horregatik barkamena eskatzera behartu behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.