andoni egana
HITZ ETZANAK

Sei urte

2022ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Dean Martin kantari eta aktore estatubatuarrari buruzko dokumental bat eskaintzen ari dira Filmin-en. Cool-tzat hartzen dute gizon hau. Hotza. Urruna. Axolagabetua. Sentimenduak jendaurrean azaltzearen arerio. Kartak bularrari pega-pega eginda ekiten ziona bizitzaren jokoari... Bazituen nonbait cool bati eskatzen zaizkion osagarriak: aukera artistiko berea eta berezia; belaunaldi batentzat behintzat, ordura artekoarekiko haustura zekarren zerbait; begiratu bakarrera atzeman zitekeen ikono-izatea, eta ondare bat utzi izana.

Detaile txiki batek erakarri du, ordea, nire arreta. Zeinen erraz kontatzen diren gauzak hegemoniatik! Huskeria gisara kontatzen zaigu Ohion jaiotako gizon honen ezaugarri bat: sei urte arte ez zekien ingelesez. Horregatik, eskolakideen isekak jasan behar izan zituen.

Berezko izena Dino Crocetti zuen. Arbasoak, migranteak. Aita bizargin eta jostun ama. Guretzat, ez da detaile soila etxean beste hizkuntza bat egiten zutelako sei urte arte ingelesez jakin ez izana. Hizkuntza kontuetan ertzetik begiratzera ohituak gaudenontzat, akaso horrexek azal dezake bere izaera hotza eta urruna, fokuak itzaltzearekin, ezkutura jo nahiago zuenarena. Besteren kartekin, jolasaren bidetik baino ez zezakeen jokoa irabaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.