Gerra Ukrainan

Putin gazteak deitzen hasi da gerrarako, eta gazteak, alde egiten

Kremlinen arabera, «gezurra» da milioi bat pertsona mobilizatzeko asmoa dutela. EBk zigor gehiago iragarri ditu

Bi gazte, atzo, Moskuko tren geltoki baten eraikinaren parean. ANUSH JANBABIAN / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko irailaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ukraina kontraerasoa areagotzen ari denez, Vladimir Putin Errusiako presidenteak herenegun iragarri zuen 300.000 erreserbista mobilizatuko dituztela gerrarako. Hasi dira horiek errekrutatzen, Errusiako zenbait hedabidek kaleratutakoa aintzat hartuz. Gainera, sare sozialetako bideoetan ikus daiteke nola agurtzen dituzten instalazio militarretara bidean doazen gaztez betetako autobusak. Kremlinek mobilizaziorako egindako deiari erantzunez, oposizioak «protesta nazionalera» deitu du biharko.

Egoera hori izanik, herritarrak hasiak dira Errusiatik alde egiten. Batetik, herrialdetik ateratzeko hegaldiak, trenak eta itsasontziak bete dira; eta, bestetik, txartelak garestitu egin dira. Gainera, Finlandiako mugazainek ohartarazi dute azken orduetan ohi baino ibilgailu gehiago iristen ari direla Errusiatik, eta, Reuters berri agentziak kaleratu duenez, auto ilara luzeak sortu dira Errusiatik Kazakhstanera, Georgiara eta Mongoliara doazen errepideetan. Peter Stano Europako Batzordearen Atzerri bozeramaileak atzo nabarmendu zuen talde komunitarioak posizio bateratu bat adostu beharra daukala errusiarren asilo eskaeren harira.

Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorrean mintzatu zen atzo, New Yorken, eta Mendebalderi leporatu zion Ukrainari armak ematea Errusia ahultzeko asmoarekin; beraz, iruditzen zaio horrek gerraren «parte» bihurtzen dituela AEBak eta EB Europako Batasuna.

Moskuk 300.000 erreserbista mobilizatzeko agindu du, baina Novaya Gazeta erbestetik lan egiten duen Errusiako egunkariak argitaratu du, Kremlineko funtzionario baten hitzak erabiliz, egiazki milioi bat lagun mobilizatuko dituela. Argitaratu eta berehala gezurtatu zuen informazio hori atzo Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek. «Gezurra da».

Kontuan hartu behar da, bestalde, Putinek herenegun iradoki zuela ez diotela muzin egiten arma nuklearrak erabiltzeari beren herrialdea babesteko, eta Dmitri Medvedevek atzo adierazi zuen okupatuta dauzkaten eta erreferendumak egin ondoren anexionatu asmo dituzten Ukrainako lurrak «babesteko» arma nuklear «estrategikoak» ere erabiliko dituztela. «Herrialdeak norabide bat aukeratu du, eta ez dago atzera-bueltarik», idatzi zuen Errusiako Segurtasun Kontseiluko presidenteorde eta 2008 eta 2012 artean herrialdeko presidente izandakoak Telegramen.

Hain zuzen ere, gaur hasi eta 27ra bitartean dira egitekoak galdeketak Donbassko Donetsk eta Luhansk errepublika errusiazaleetan eta Kherson eta Zaporizhia Moskuk militarki okupatutako lurraldeetan. Horrek eta Putinek herenegun iragarritako mobilizaziorako deiak, bai eta hauspotu duen mehatxu nuklearrak ere, koska bat estutu dute Ukrainako gerra.

Otsailean inbasioa hasi zenetik egin bezala, bat eginda erantzun du Mendebaldeak, eta EBko herrialdeetako atzerri ministroek adostu dute Errusiari zigor ekonomiko gehiago jartzea. Ministro horiek NBEren Biltzar Orokorrean daude, eta urgentziaz bildu ziren atzo goizaldean erabaki bat hatzeko. «Argi dago Putinek Ukraina suntsitu nahi duela», nabarmendu zuen Josep Borrell EBren diplomaziaburuak. Gogorarazi zuen talde komunitarioak Ukraina babesten jarraituko duela, eta Putini egotzi dio bere azken mugimenduekin «nazioarteko segurtasuna eta bakea» arriskuan jartzea.

Bruselak asteartean aurreratu zuen zigor gehiago jarriko zizkiola Kremlini; hain justu, Donetsken, Luhansken, Khersonen eta Zaporizhian Errusiarekin bat egiteko galdeketak egitekoak zirela jakinarazi zutenean.

EBren diplomaziaburua, gainera, Txinako Atzerri ministro Wang Yirekin bildu da, eta eskatu dio Errusiarekiko duen «eragina» baliatu dezala gerra amaiarazteko.

Atea itxi die negoziazioei

Eta NBEren Biltzar Orokorrean begirada gehien erakarri duten diskurtsoetako bat Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearena izan da. Goizaldean egin zuen agerraldia —Euskal Herriarekin alderatuta, sei ordu gutxiago dira New Yorken—, bideo baten bidez. Finean, Mendebaldeari eskatu dio ezar diezazkiola zigor gogorragoak Errusiari; aldi berean, babes militar handiagoa eskatu du. «Ukrainaren kontrako krimen bat egin dute, eta bidezko zigor bat exijitzen dugu». Zelenskirentzat, zigorrak dira Errusiarekiko komertzioa eta harreman diplomatikoak blokeatzea, nazioarteko erakundeetan botoa emateko eskubidea ukatzea, eta, besteak beste, auzitegi berezi bat eratzea Errusiari egotzitako krimenak epaitzeko. Oraingoz, atea itxi dio Errusiarekin negoziatzeari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.