Onintza Enbeita.
BIRA

Efemerideak

2018ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Bost urte baino ez nituen Santi Brouard hil zutenean. Ez naiz nahi bezain ondo gogoratzen, baina badakit Amama Klarak hiru ahizpok eraman gintuela errepide ondora eta hilkutxa zeraman autoa pasatu zenean, ohore egin genion. Hortik aurrera, eraiki egin dut Brouarden memoria: irakurriz eta ikus-entzunezkoak ikusiz.

Josu Muguruzari tiro egin ziotenean, berriz, hamar urte nituen. Hori izango da zerbait larria gertatu izanaz dudan lehen oroitzapena ia. Urduritasuna etxean, pena inguruan. Harrezkero, burua lehertzeraino kantatu zigun izebak Ez da posible. Baina posible izan zen, eta batzuetan pentsatzen dut orain ere, posible dela.

Izan ere, gaur, badira efemeride gehiago. Hotzikaraz ikusiko dut beste behin, nola aterako diren Espainiar faxistak. Eskuineko eskua eguzkira jaso eta hor ibiliko dira Erorien Haranean zein edozein herriko kaleetan. Patxi eta Erriberako lehengusua gogoan, argi utziko dute zenbat gorroto dituzten independentistak, homosexualak, emakume libreak, beltzak eta orokorrean, haien modukoak ez garen guztiak.

Eta batzuk jarraituko dute esaten Kataluniako erreferendumak esnarazi zituela faxistak, eta nik jarraituko dut pentsatzen ordura arte lasai lo egon baziren, haien neurrira egindako legeen arabera bizi zirelako izan zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.