Onintza Enbeita.
BIRA

Presoak (II)

2019ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Ez genuen iraultzaren borrokatik apartatzen jakin. Zakurrek hartu ninduten eta hemen nago gatiburik, euren esku zikin eta traketsetan: aiztoz, drogaz, pistolaz, beisbol makilaz inguraturik. Hemen datza gorpu bizi herri bat izan zena. Guri beti falta zaigu norbait eta ilunak zure izenik ez daki. Maite zaitut nire poltsarekin autobusera abiatzen naizen bakoitzean. Maite zaitut, zure eskua ukitu beharrean, kristal lodia ferekatzen dudanean. Kristal lodiak ezin du gure irrifarra inoiz gelditu. Tristuraz dugu hala ere, nahi gabe, bihotza. Aita kartzelan duzu, ama ezkutuan duzu; Euskal Herriaren gain haurra, gaur, iguzkirik ez duzu. Batzuen ustez, ordaintzen dagokien zigorra; maite dutenentzat berriz, askatasun haizea. Maite genituen gauzengatik erori ginen preso, baina hori nork ulertarazi etxean zain bakarrik denari. Gutun batek ekarri dit zure begien berri: irrifarra igartzen dizut noizbehinka eta urruti. Hain urruti. Itzultzean liburua hartu bezain laster loak hartzen nau zurekin egiteko amets. Nik ez dut nahi hemendik onik atera, baizik eta bizirik sentitzea bera. Bukatzen da gure gau luzea. Honezkero ikasia nago gerizpean itzalari azalean eusteko bestean. Badator eguna, lur hau kantu bat da, eta urrats bakoitza zuenganantz doa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.