Onintza Enbeita.
BIRA

Futbola

2019ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
San Mamesen ia berrogeita hamar mila lagun batu ziren asteazken iluntzean. Berez, horrek ez luke lehen orriko notizia izan behar: San Mamesen sarri antzean egoten da hainbeste jende. Kontua da jokoan ari zirenak emakumeak zirela. Normalean, gizonezkoen lehen mailako futbola ikustera joaten direnen kopurua berdindu zuen emakumeen lehen mailako futbola ikustera joan zen jendeak. Hori, zoritxarrez, nobedadea da oraindik. Eta zoritxarrez diot, halakoak azpimarratu beharrak normaltasunik eza islatzen duelako. Eta zoritxarrez diot, ez dudalako leku bakarrean soilik irakurri edo entzun, sarrerak oparitu egin zituztelako egon zela horrenbeste jende. Ez nago ados, eta kokoteraino nago gure izerdiari garrantzia nola kentzen zaion ikusteaz. Guztion zergekin ordainduta dago San Mamesen zati bat. Galdetu izan baligute, agian, gure diruarekin emakumeek jokatu dezatela eskatuko genuen, baina gehienetan gizonek jokatzen dute. Beraz, eztabaidagarria da zer oparitu dion nork eta nori. Ez dut gaizki ikusten sarrerak oparitzea; normaltasunaren alde egindako ekintza denean, behintzat. Bestalde, sarrera eta guzti ere, asko geratu ginen kanpoan. Beraz, pentsatzekoa da, sarrerarik oparitu ez balitz ere, San Mames bete samar egongo zela asteazkenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.