Hiru aldiz esan du «egun on» itxaron gelara sartu denean. Hiruretan erantzun diot. Baten esanda nahikoa ez ote den pentsatu dut neurekiko, baina mutur okerra disimulatu egin dut. Senarrarekin berbetan hasi da gero: «gu hona lehen ere etorrita gaude», esan du. Baietz esan dio senarrak, eta emaztea poztu egin da. Aurpegian igarri diot asmatu izanaren poza, eta orduan kargutu naiz belarrian aparatua daramala, eta hitz egitea zenbat kostatzen zaion. Neure buruarekin haserretu naiz. Hiru aldiz esan du «egun on» lehenengo bietan ez duelako nire erantzun derrigorrezkoa entzun. Esan nezakeen altuxeago, aurpegia liburutik jasota... Pentsatzen dut, gainera, pentsatuko zuela ez diodala ondo ulertu, eta bere zailtasun guztien gainetik indarra egingo zuela ahoskatzeko. Luzitu egin zara, Onin!
Gizarte inklusiboa edo antzeko izenak erabiltzen ditugu urtean behin, baina, gero, ez dugu gaixotasunik ikusi ere egin nahi. Ez dugu gazte hil nahi, normala denez, baina zahartzaroak izua ematen digu. Ez daukagu sentsibilitaterik ezerekin, ez inorekin. Zaintzaz hitz egiten dugu maila teoriko-politikoan, baina ez dakit zaintza bere osotasunean ulertzen ote dugun praktikan. «Egun on» hiru aldiz esan beharrak asaldatu egiten gaitu alzheimerra edo iktusa hedatzen ari diren munduan.
BIRA
Zahartzaroa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu