Onintza Enbeita.
BIRA

Askatasuna

2019ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Greba egiteko eskubidea borroka handien ondorioa da. Gure gizarte absurdoan, ostera, grebarik ez egiteko eskubideaz eztabaidatzen da telebistako debateetan. Piketeak kritikatu egiten dira: greba egin nahi ez duenak ere, eskubidea dauka. Greba egiten dutenek guztientzat eskatzen dituzte eskubideak; beraz, ez da justua izerdi tanta bat bota ez dutenek edo euro bat galdu ez dutenek lortutako eskubideez gozatzea. Baina horra kapitalismoak nola irabazi duen ideien borroka: zuk greba egiteko eskubidea badaukazu, nik ere badut ez egitekoa.

Eta orain greba deialdietan parte hartzeko askatasuna ematen hasi zaizkigu alderdiak, sindikatuak, erakundeak... alderdi politiko zenbaitek, esate baterako, martxoaren 8ko greban parte hartzeko askatasuna eman die beren militanteei. Orduan zer? Askatasun aitortza hori ez balego, nahita ere ezingo lukete grebara atera alderdi politiko horietako emakume militanteek?

Norbere askatasuna norberarena da, ez beste inorena. Beraz, alderdi politiko, erakunde, sindikatu... eta dena delakoek bizitza askeak eraikitzera bideratu behar lukete euren lana. Horrela, ez dugu gure askatasunaren aldeko grebarik antolatu beharrik izango, eta ez dute egin behar dugunaren inguruko baimena ematea bezain ekintza lotsagarririk egin beharrik izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.